“Ez naiz txakurfoboa, baina…” -Koldo Alzola-

Auzokide gogaikarriak etorri zaizkigu atarira. Bizilagun berriek txakurkume bat daukate eta nik gorrotatu egiten ditut txakurrak. Ezin ditut eraman haien zaunkak ezorduetan, espaloi gaineko kaka mokordoak, elkarri hankartea miazkatze lizun hori, hankari heldu eta aldaka-mugimendu espasmodikoak egiten dizkizutenean… Ezin ditut jasan. Horregatik, sinadura bilketa jarri dut abian azokoen artean, txakurraren jabea komunitatetik botatzeko. Gehiegizkoa dela pentsatuko duzue, agian. Baina esango banizue jende gehiago bildu dudala nire aldarrikapenera, eta astebururo manifestazioa egiten dugula hiriko erdigunean auzotik maskotak eta euren jabeak kanporatzeko? Nire obsesioa urrunegi eraman dudala esango zenukete, seguraski. Eta areago, esango banizue auzo-patruilak antolatu ditugula eta makilez armatuta guardia egiten gabiltzala txakurrak auzunean sar ez daitezen? Txakurfoboa eta maskotazida naizela leporatuko zenidakete, seguruenik. Eta ez hori bakarrik, esango banizue gauaren babesean patruilakide sutsuenekin txakurkumea duen bizilagunaren etxean sartu eta goitik behera txikitu egin diogula? Psikopata arriskutsu kupidagabea naizela iritziko zenukete, zalantzarik gabe.
Bada, hori guztia eta gehiago gertatzen ari da azken asteotan Gasteizen, Aztegieta auzoan, hain zuzen. Baina ez kezkatu, auzotarren gorrotoaren jomugan ez dago maskotadun hiritar bat, ijito familia bat baizik. Manzanares-Cortestarrak, Abetxuko auzunean pairatutako jazarpenetik ihesian, Aztegietara joatekoak ziren, Alokabidek esleitu zien etxebizitzaz jabetzera. Auzuneko biztanle talde batek, baina, familiaren aurkako sinadura bilketa jarri zuen abian; baina inor gutxiri iruditu zitzaion gehiegizkoa. Astebururo manifestazioak antolatzen hasi ziren hiriko erdigunean, baina gutxi izan ziren euren obsesioan urrunegi joan zirela esan zietenak. Auzo patruilak antolatu zituzten makilez armatuta ijitoak zegokien etxean sar zitezen ekiditeko; eta apenas gutxi batzuk ausartu ziren haien jarrera arrazista zela esatera. Azkenik, gauez Alokabideren etxebizitzan sartu eta birrindu egin zuten; eta apenas ez da psikopata arriskutsu kupidagabeak direla esatera ausartu denik. Ez dut uste Mazanares-Cortestarrei leporatzen dizkieten gaiztakeria guztiak egia direnik. El Correo Español egunkariak arduragabekeriaz zurrumurru horiek elikatu eta zabaldu baditu ere, ez ditut sinesten. Baina egia balira ere, berdin dit. Ijitoek ezorduetan zaunka, espaloi gainean kaka, elkarri hankartea lizunkeriaz miazkatu eta hankari helduta aldaka-mugimendu espasmodikoak egingo balituzte ere, ez da motibo arrazoizkoa familia baten aurka sorgin-ehiza bat burutzeko.
Halakoxeak dira gauzak, zenbaitek errazago sentitzen du errukia txakurkume batekin hainbat pertsonarekin baino. Dei iezadazue zoroa, dei iezadazue erromantikoa, baina nik gizatasun handiagoa onartzen diet gizakiei maskotei baino, gizaki horiek ijitoak badira ere.
Koldo Alzola
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!

1 thought on ““Ez naiz txakurfoboa, baina…” -Koldo Alzola-”
Guztiz ados, baino kontua da juxtu bukaeran esaten dezuna: egia da famili hoiek putaseme batzuk direla? Edo egia da patruila horiek gorroto irrazional (arrazista) batek mugitzen dituela? Hori da argitu behar dana. Ijitoak ijito izateagatik gaiztakeriak egingo dituztela pentsatzea da arrazista, gaiztakeri horiek egiten badituzte putaseme batzuk direla pentsatzea ez da.