[Iritzia] “Mozkorkeriak”, Alaitz Andreu
“Mozkorkeriak”
– Alaitz Andreu –
Larunbatean bazkaria egin genuen elkartean, eta patata-tortillak, kroketak, lasagna eta bizkotxoa jan genituen. Dena bikain. Gintonik artean hitz eta pitz ari ginela, ordea, zorigaitza iritsi zen: koadrilako baten bikotekide berria, Karmelo, itotzen hasi zen; gorri ez, more jarri zen bat-batean, eta zorabiatzen hasi. Ahal izan zuen bezala, lasagnak arrautzarik ote zuen galdetu zuen, hori bakarrik jan baitzuen, arrautzari dion alergiagatik. Eta, hara non, lasagnak arrautza zuen. Nork pentsatuko zuen norbaitek arrautzari alergia eduki diezaiokeenik, biztanleen % 2 bakarrik dira-eta alergikoak.
Ospitalera lagundu nuen azkar batean, gero eta puztuago zuen aurpegia. Berehala artatu zuten; halere, botikak efektua egin bitartean, bertan egon behar izan genuen. Eta orduantxe entzun nion, beste paziente baten laguntzaileari, perla zuri-zuri hau: zenbat erizain gizon dagoen!
Bai, hogeitik bi, pentsatu nuen neure kolkorako. Futbolean ere gertatzen da: zenbat emakume futbolzale dagoen! Ehuneko bost izango dira. Edo eszedentzietan: pila bat gizonek hartzen dute eszedentzia haurrak zaintzeko! Bai, ehuneko lau izango dira.
Zergatik mozkortzen gara hainbeste eremu maskulinizatu edo feminizatu batean, hau da, genero bati ala besteari eman zaion esparru batean, beste generoa duen pertsona bat edo bi ikusten ditugunean? Bikoitz ez, hamarkoitz ikusten dugu halakoetan!
Beharbada, nahi dugunaren isla dira iruzkin mozkor horiek; gustatuko litzaigukeen gizarte feminista edo parekide baten irudikeria. Beste batzuetan, aldiz, feminismoaren beharra ahultzeko erabiltzen da; zertarako hainbeste borroka eta kexa, jada berdintasuna badago? Eta hortxe dago koxka, hain juxtu ere: horrelako mozkorkeriekin berdintasun faltsuaren ideia sendotu besterik ez dugula egiten.
Euskal literatur sistemak ere ez die ihes egin ameskeria horiei. Zenbat aldiz entzun dudan euskal literaturan emakume idazle pila dagoela, gazteak asko, eta, gainera, antzekoak direla! Hau ezjakintasuna, hau. Eta axolagabekeria. Mespretxua akaso?
Bada, azken ikerketen arabera, % 16 da euskal idazle emakumeen argitalpenen ehunekoa. % 84, beraz, gizonena. Eta halaxe gertatzen omen da mendebaldeko gainerako literatur sistemetan ere. Beraz, emakume idazleen balizko boom hori gezur hutsa da, ameskeria. Eta arriskutsua.
Kontua da, larunbateko bazkari hartan, Karmelok berenjena itxura hartu aurretik, euskal literaturan emakume asko dagoela esan zuela batek. Eztabaidan aritu ginen, eta ikerketa txiki bat egitea bururatu zitzaidan: argitalpen kopuruari begiratu ordez, harrerari begiratzea, irakurtzen dugun horri begiratzea, alegia.
Nik duela 8 bat urte erabaki nuen emakumezkoek idatzitako lanak bakarrik irakurtzea. Sobera irakurrita nituen gizonen hitzak, eta mundu osoko emakumeek esateko dutena, eta esan ere, esaten dutena, ezagutu nahi nuen. Jendea harritu egingo da, akaso, horrelako baieztapena entzutean. Agian, apropos hartutako erabakia delako. Baina, zoritxarrez, kontrako erabakia hartzen dute irakurle askok eta askok, konturatu gabe. Emakume idazle pila dagoela dioten horiexek, sarri, ez dute emakumezkoek idatzitako ezer (edo ia ezer) irakurtzen. Zergatik izango da?
Beno ba, lehen aipatu dudan ikerketara itzuliz, harrera aztertzeko ikerketatxoa egin nuen nire inguru elebidun irakurzalean. Irakurritako azken hiru liburuen izenburuak eskatu nizkien, zenbat euskal emakume idazle zegoen ikusteko. 45 izenburu jaso nituen, eta horietatik bakarra izan zen euskal emakume batek idatzitakoa. Hau da, % 2. Gizon euskaldunen ehunekoa, berriz, % 40 izan zen.
Ondorio bat atera dut hortik: aukera berbera dago arrautzari alergia dion batekin eta euskal emakume idazle baten liburua irakurtzen ari den elebidun batekin topo egiteko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
2 thoughts on “[Iritzia] “Mozkorkeriak”, Alaitz Andreu”