Indarkeria matxistaren aurkako amorru garrasi feminista
Azaroaren 25ean, Mugimendu Feminista kalera atera da beste behin ere indarkeria matxistaren aurka amorruz oihukatzeko. Gasteizko mobilizazio jendetsuan ekimen ezberdinak egon dira ibilbidean zehar Foru enparantzako ekitaldiaren aurretik.
“Zure egia gurea eginez” lelopean, Mugimendu Feministak elkarren aitortza egiten duela eta elkarri sinesten diola nabarmendu nahi izan du aurtengo deialdiarekin. “Erasoak gure egunerokoan” daudela ohartarazi dute: horren erakusle, azaroko datuak -hilabetea amaitu gabe bederatzi gizon atxilotu dituzte Gasteizen indarkeria matxistagatik. “Baina erasotzaileak askoz gehiago” direla ohartarazi zuten mobilizazioaren deialdian. Mobilizazioan zehar, tortura sexista, dibertsitate funtzionala, arrazismoa, indarkeria lesbofoboa… salatu dute ekimen ezberdinen bitartez.
Bertan ere, auzitegiak, poliziak, hedabideak… izan dituzte hizpide. Izan ere, horiek erasotzaileak babesten dituztela salatu dute: “Patriarkatuaren oinordekoak dira. Bortizkeria normaltasun osoz praktikatzen dute eta euren erasoak zigor gabe geratzen dira”.
“Guk elkar aitortzen dugu. Guk elkarri sinesten diogu. Gure hitzak balioa dauka”. Zentzu horretan, emakumeen gorputzak “guda zelai” gisa definitu dituzte, sexu-genero kondizioagatik jasaten dutena. “Menderatuak, kontrolatuak, isilduak, esanekoak, errudunak, lotsatuak eta erailak nahi gaituzte. Gu, ordea, elkarrekin gaude. Gutako bat ukitzen badute, guztiok erantzuten dugu”, ohartarazi dute.
Argazki galeria
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!