Ikasle greba egingo dute gaur heziguneetan, hezkuntza erreformak gelditzeko
Martxoaren 24rako ikasle greba deitu du Ikasle Abertzaleak eragileak Hego Euskal Herrian, eta manifestazioak egingo dituzte lau hiriburuetan. Gasteizen 12:00etan hasiko da Virgen Blancatik, eta blokeak antolatu dituzte ikastetxeetatik.
Hezkuntza erreforma garrantzitsuen urtea izaten ari da 2022a: LOSU, LOMLOE eta Lanbide Hezkiketako Plana, besteak beste. Horiek datorren ziklo ekonomikora egokitzeko ezinbesteko eraldaketa prozesua gauzatzeko erreformak dira, Ikasle Abertzaileak-en arabera, “elite ekonomikoek gidatu eta politikari profesionalek aplikatuko” dituzten neurriak. Azaldu dute hezkuntza garestitzen ari dela eta ikasleriaren zati bat kanporatua izaten, kontrol soziala areagotu eta ikasleen osasun mentala okerrera egiten ari den bitartean.
Lege bakoitzak bere esparrua badu ere (dela unibertsitatea, lehen eta bigarren hezkuntzak edo lanbide heziketa), egoera orokor bati erantzuten diotela uste du IAk: krisi kapitalistari, hain zuzen. LOMLOEren bitartez, gaitasun tekniko-digitalen irakaspena bermatu, lehiakortasunaren eta ekintzailetza kapitalistaren balioak indartu eta pentsamendu kritikoa garatzeko aukera oro ezabatuko dela uste dute. Lanbide Heziketako lege berriaren bitartez, berriz, eredu Duala derrigorrezkoa izango da “lan indar merkea sor dadin eta enpresek etekinak handi ditzaten”. Unibertsitatean, LOSUren bidez, etekin ekonomikoa bermatzen duten graduak bultzatuko direla azaldu dute, eta bestelako graduak “pixkanaka desintegratu”.
Ikasle antolakundeak arrazoitu du erreforma horiek guztiek “zuzen-zuzenean kolpatzen dutena langile klasea dela”. Horregatik, erreforma prozesu honen aurrean antolatzeko eta mobilizatzeko unea delako, greba deitu dute Hego Euskal Herri osoan. Azken asteetan grebaren arrazoiak azaldu eta deialdia zabaltzeko hitzaldi eta elkarretaratze ugari egin dituzte, ikastetxe zein unibertsitatean. Manifestazioak egingo dituzte lau hiriburuetan. Gasteizen ekimen nagusia 12:00etan hasiko da Virgen Blancatik, eta blokeak antolatu dituzte ikastetxeetatik.
#M24 | Martxoak 24aren Ikasle Grebaren harira bilera irekiak burutuko dira hainbat ikastetxetan deialdiari buruzko informazioa partekatzeko.
📢 Adi zuen ikastetxearen deialdira #m24ikaslegreba ‼️ pic.twitter.com/N7QPBZNpdn
— Gasteizko IA (@IAGasteiz) March 9, 2022
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!