Ikasle greba deitu du IAk urriaren 27rako, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan
Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean, eman dute deialdiaren berri. "Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu!" lelopean, urriaren 27an mobilizatzera deitu dituzte Hego Euskal Herriko bigarren hezkuntzako ikasleak.
Agerraldia egin du Ikasle Abertzaleakek urriaren 4an Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean: ikasleak grebara deitu ditu urriaren 27rako, “politikarien iruzurrari eta hezkuntza erreformei aurre egiteko”, eta “ikasleon arazo errealak gaindituko dituen hezkuntza sistema bat” aldarrikatzeko. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo da mobilizatzeko deia, Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu! lelopean.
Bigarren Hezkuntzako ikasleak daude grebara deituak urriaren 27an: 11:30etan hasiko da Gasteizko mobilizazioa, Andra Mari Zuriaren plazan. Donostian (Gipuzkoa) ordu berean hasiko dira Bulebarretik. 12:00etan hasiko dira Iruñeko (Nafarroa) eta Bilboko (Bizkaia) manifestazioak, Sarasate pasealekutik eta Eliptika plazatik, hurrenez hurren.
“Aurtengo ikasturte hasiera ikasleok zein hezkuntza komunitateko beste kolektiboek kolpez jaso ditugun aldaketez beterik egon da”, salatuz hasi dute agerraldia Ikasle Abertzaleakeko bozeramaileek. Izan ere, aurreko ikasturtean zehar finkatutako erreforma legeen ezarpenarekin hezkuntza esparrua “hankaz gora” dagoela esan dute.
Erreforma prozesua, ofentsiba kapitalista
Politikari profesionalek, enpresari handien agindupean, kapitalaren erasoa egikaritu eta bideratzen dutela azaldu du kolektiboak: “Bizitzen ari garen krisi kapitalistaren ondorioz, kapitala bere irabaziak bermatu nahian dabil, eta horretarako gizarteko egitura nagusiak berregokitzen ditu”.
Hezkuntza sisteman ematen ari diren aldaketak norabide horretan daudela adierazi dute, “merkatuak behar duen lan-indarra ekoizten duela bermatzeko”. Adibide gisa jarri dute EAEko hezkuntza lege berria: “Segregazioan sakontzen duen eta modu inposatzaile batean egindako prozesu baten emaitza den legea da, pasa den kurtsoan salatu genuen LOMLOEren norabide berean”, salatu dute.
Aldaketok heziketaren desegitean, segregazioan eta hezkuntzaren burokratizazioan sakontzen dutela uste du IAk eta, era berean, “edukiz usten”: jakintza garatzearen eta formakuntzaren garrantzia debaluatu, eta ikastetxeak diziplinamendu hutserako zentro bilakatzen ari baitira.
Hezkuntzaren izaera segregatzailea ere izan dute hizpide, honek “langile klaseko ikasleak baztertu eta hezkuntza elitizatzea” dakarrelako.
“Ez dago interesik proletargoa heziketa prozesuan denbora luzez mantentzeko eta, era berean, heziketa prozesuak gero eta gutxiago asetzen ditu proletalgoaren beharrak”, berretsi dute.
Gogorarazi dute EAEk duela estatu espainiarreko segregazio tasarik handiena, eta EAEko hezkuntza lege aurreproiektua “norabide horretan sakontzeko asmoz” datorrela salatu dute, “ikastetxe pribatu eta kontzertatuei ateak irekiz”.
Hartzen diren erabakiak sindikatu eta alderdi politikoak bezalako “agente pribilegiatu batzuk” zuzentzen dituztela arbuiatu dute, “hezkuntza komunitatea osatzen duten beste sektore batzuk guztiz baztertuta” dauden bitartean.
Gauzak horrela, langile klasearen interesen defentsan antolatzeko dei egin du IAk: “Ezin dugu, beraz, hezkuntzaren arazoen konponbidea kapitalaren erreforma hauek ezartzen ari den parlamentuan eta legeen aldaketa konkretuetan bilatu. Era horretan, guztion eskutan egongo den doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsalaren eraikuntzan aurrerapausoak egitea dagokigu”.
Horregatik, urriaren 27an kaleak hartzeko deia luzatu dute, “hezkuntzaren ofentsiba kapitalista gelditzeko”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!