IHESaren gaurkotasunaz arituko dira Orbain Kultur Elkartean asteartean
Bi "doku-mentalen" emanaldia egingo dute eta ondoren solasaldia antolatu dute Arabako Hiesaren Aurkako Herri Batzordeko bi kiderekin
Ekainaren 5ean 40 urte bete ziren lehen aldiz HIESaren deskribapen klinikoa egin zenetik. Aitzakia hori baliatu dute Orbain Kultur Elkarteko kideek HIESaren gaurkotasunaz hitz egin eta gaia lantzeko. Horretarako, bihar, ekainaren 20an, asteartez, bi dokumentalen proiekzioa eta solasaldia antolatu dituzte, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
“Sin miedo al VIH” (GIBari beldurrik gabe) dokumentala emango dute lehenik, 19:00etan. David Arteaga zuzendariaren 2018ko film honek, GIBaren epidemiari buruzko ikuspegi bat eskaintzen du, 80ko hamarkadan hasi zenetik gaur egunera arte, eragindako pertsonen begirada mediko eta pertsonaletik. “Informazio faltaren eta ezjakintasunaren ondorioz, GIBa duten pertsonak diskriminazio-egoeren eta oinarrizko eskubideen urraketen biktima dira gaur egun ere”, adierazi dute Kultur Elkartetik.
Ondoren “Aprender a vivir” (Bizitzen ikasi) dokumentala ikusteko aukera izango da Orbainen. 2021ean burutu zuen Ander Duque zuzendariak, eta dokumentalaren helburua da GIBa duten pertsonek Espainian jasaten duten estigma eta diskriminazioa ikusaraztea eta murriztea. GIBa duten hiru pertsonaren testigantza eskaintzen du, zentsurarik eta beldurrik gabe beren bizipenak lehen pertsonan kontatzen dituztenak. Ziurgabetasunaz, onarpenaz, erronkez eta bidean lortutako lorpenez hitz egiten dute.
Proiekzioen ondoren Arabako Hiesaren Aurkako Herri Batzordeko bi ordezkari izango dira Orbain Kultur Elkartean solasean. Blanca Bastida GIB/STI prebenitzeko batzordeko lehendakaria eta Ana Isabel Girón batzordeko koordinatzailea izango dira bertan, “gaiari buruz asko dakiten bi pertsona”.
“Doku-mental” zikloa osatzeko beste ikus-entzunezko emanaldi batzuk antolatu dituzte Orbainen ekainean zehar. Ekainaren 27an, asteartean, beste bi “doku-mental” proiektatuko dituzte, “Vida en Trans” eta “La vida de una persona transgénero en Pakistan”, eta jai amaierako saio berezia izango dute Santa Klaux Dj gasteiztarrarekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!