Hezkuntza Lege berriak segregazioari aurre egin diezaiola eskatu du Eskola Publikoaz Harrok
EAEko alderdi politiko nagusien artean hitzartuko den Hezkuntzaren inguruko Akordioa heltzear dagoela eta, itun horrek jaso beharko lituzkeen "konpromiso" eta "mugak" plazaratu ditu Eskola Publikoaz Harro plataformak Gasteizen egindako prentsaurrekoan.
Laster hitzartuko dute EAEko alderdi politiko nagusiek Hezkuntzaren inguruko Akordioa, ondoren Hezkuntza Lege berriaren oinarria izango dena. Eskola Publikoaz Harro plataformak “kezka” adierazi du, uste duelako indar politiko gehienek ez dutela “borondaterik” hezkuntza-sistemak egun duen arazo handienari heltzeko: segregazio ekonomiko eta sozialari, hain zuzen. Gauzak horrela, agerraldia egin dute, Lege berriak jaso beharko lituzkeen “konpromisoak” eta “zeharkatu beharko ez lituzkeen mugak” plazaratzeko.
Arabako hainbat plataformek eman diote atxikimendua proposamenari: Amurrio, Gasteiz eta Oiongoek, zehazki. Amurrioko Zabaleko Bizirik ere batu da. EHIGE, HEIZE, Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, STEILAS, CCOO, ESK eta CNT kolektiboek ere egin dute bat.
Azaldu dutenez, eskola-segregazioak lotura zuzena du sare pribatu-kontzertatuak EAEn duen pisuarekin: “irakaskuntza pribatu-kontzertatua handitu ahala, eskola-segregazioa areagotu egiten baita. Bi sare egoteak, berez, segregazioa sortzen du”. Arazoa egiturazkoa dela defendatu dute, sustatzen diren hezkuntza-politika pribatizatzaileen emaitza, alegia. Hori konpontzeko neurriak ezin dira sare publikoan soilik ezarri, hezkuntza-sistema osoa hartu behar dute haintzat, eta “planifikazioa, zonifikazioa eta finantzazioa” beharrezkoak dira, plataformaren arabera.
Jaurlaritzak aurreikusi du datozen 30 urteetarako hezkuntza sistema Lege berri honen bidez arautuko dela. Hala izatekotan, Eskola Publikoaz Harroren ustez, alderdi politikoen arteko akordioa beharrezkoa bezain garrantzitsua da hezkuntza eragileekin eta eskola publikoko komunitatearekin adostasunak bilatzea. Horrelakorik egin ez denez, hemendik aurrera egiten ez bada salaketara eta mobilizazioetara joko dutela jakinarazi du plataformak.
Eskatu dituzten konpromisoak
Eskola publikoak administrazioaren lehentasun osoa izan dela, eta ez pribatuaren maila berean jarri. “Eskola publikoa da hezkuntzan dugun zerbitzu publikoa, doakoa eta unibertsala, denona eta denontzakoa, euskal gizartearen kohesioari ekarpen handiena egiten diona eta baldintzarik zailenetan ere ikasle gehien euskalduntzen duena. Eskola publikoa lehenestea merkeagoa da, ekologikoagoa eta tokiko auzo eta komunitateen kohesioa areagotzen du”. Horretarako:
- Lege berriak eskaintza publiko integrala eta doakoa bermatu behar du 0tik 18 urtera, udalerri eta auzo guztietan.
- Lege berriak hezkuntza pribatu-itunduari mugak jarri behar dizkio: eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean, ez dira lerro pribatu-itunduak irekiko.
- Lege berriak Haurreskolak-Partzuergoa doako zerbitzu publiko unibertsal bezala egonkortu behar du, 0-3 ziklo publikoa ziurtatzeko, ikastetxe pribatu-itunduei ematen zaizkien 0-2 zikloko diru-laguntzak kenduz.
- Lege berriak inbertsio-plan berezia aurreikusi behar du eskola publikoen instalazio, azpiegitura eta ekipamendu onenekin hornitzeko.
Ez dadila ikastetxe pribatuen finantzazioa egonkortu edo handitu. “Kontzertazio unibertsalarekin bukatu behar du Lege berriak, eta sare pribatuaren egungo finantzaketa-eredua eztabaidan ipini, hezkuntza-ekitatea zein gizarte-kohesioari erantzuten ez dieten proiektu pribatuak finantzatzeari utziz”.
Segregazioari modu tinko eta eraginkorrean heldu behar zaio. “Segregazioa ekidin eta gizarte-kohesioa bermatuko duten politikak, planifikazioa eta matrikulazio prozesu gardenak” eskatzen dituzte horretarako.
Ez daitezela diru publikoz finantzatu euskalduntzen ez duten ereduak, diskriminatzaileak baitira. “Euskara ikastea haur guztien eskubidea da, eta hori bermatzea guztion erantzukizuna da, Administraziotik hasita”.
Laburbilduz, hau da Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak balizko Hezkuntza Lege berriari exijitzen diona: “denona eta denontzat den eskola publikoaren aldeko legea izan dadila,egun dugun eskola-segregazioarekineta gizarte hausturarekin bukatukodugun legea, euskara ardatz izango duen kalitatezko hezkuntza-eredua eskainiko diena herritar guztiei”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!