Hezkuntza eredu propio baten alde grebara deitu dute azaroaren 28an
Gasteizen egin dute agerraldia ikasle ezberdinek. Euskal hezkuntza sistema propio baten alde eta ikasle mugimendua suspertzeko asmoz, grebara deitu dute.
Dozenaka ikaslek aurkeztu dute gaur Gasteizen Euskal Hezkuntza Sistema propio baten alde egingo duen ikasle dinamika berria. “Ikasleek inposatutako eredu guztien oinarriak astindu dituztela” gogorarazi dute, “iraultzaren sua bilakatu diren txinparta txikiak piztu dituztenak”.
Espainiar eta Frantziar estatuek inposatutako hezkuntza ereduaren aurka borrokatzeko beharra ikusi dute gaur Kimuak-en elkartutako ikasleek, hezkuntza eredu horiek inposatutako “genero, klase eta nazio zapalkuntzekin hausteko”.
Ikasle mugimendu indartsu baten garrantzia azpimarratu dute, bildutakoen iritziz, azken urteetan itzaltzen joan den ikasle mugimendua suspertzeko beharra dago. Hutsune horri aurre egiteko antolatu dira ikasleak, hezigunez hezigune problematika desberdinei erantzunez. Oraingoan, ordea, Euskal Herri mailan antolatzeko beharra ikusi dute, Madriletik eta Parisetik datozen ereduei aurre egiteko; “ikastetxez ikastetxe pairatzen ditugun problematikak borrokatzetik hasi eta batasun nazionalarea salto egin dugu”.
Azaroaren 28an kaleak hartzeko deia
Ikasle greba deitu dute datorren azaroaren 28rako, “euskal hezkuntza sistema propio baten aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko”.
Pentsionistak, mugimendu feminista, metalgintzako langileak edota mugimendu ekologista eredutzat kaleak hartzeko gonbitea zabaldu dute, “ikasleen garaia” heldu dela iritzita. “Hezkuntza sistema nazional, publiko, komunitario, euskaldun eta feminista bat eraiki nahi dugu”, ondorioztatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!