Herritarren %32ak baino gehiagok bozkatu du Gure Esku Dagok Araban antolatutako herri galdeketetan
Euskal Herriko gainontzeko herrietan baino parte hartze altuagoa egon da Legutio eta Urkabustaizko galdeketetan. Gure Esku Dagoren arabera, “iraultza demokratiko” baten aurrean gaude. Gasteizen ere, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko egitasmoak martxan daude.
Araban ere, erabaki dute. Eta itxura guztien arabera, tren luze baten lehenengo bagoiak baina ez dira izan Urkabustaizko eta Legutioko herri galdeketak.
Urkabustaizko parte hartzea izan da Arabako bi herrietako altuena: bozkatzera deituta zeuden herritarren %36ak baino gehiagok bozkatu du. Legution, aldiz, herritarren %32,29ak baino gehiagok bozkatu zuen. Euskal Herriko 50 udalerritan egindako galdeketetan, %25,49ko parte hartzea egon da, Arabako herrietan baino gutxiago. Bietan, erraz irabazi du baietzak, baina egon dira ezezko bozak edota txuri bozkatu dutenak.
Emaitzak
Legutio | “Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?”
Bozkatzera deituta: 1.499
Bozkatu zuten: 484
Parte-hartzea: % 32,29
Bai: 439
Ez: 35
Zuriak: 5
Baliogabeak: 5
Urkabustaiz | “Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi al duzu?”
Bozkatzera deituta: 1.088
Bozkatu dutenak: 394
Parte-hartzea: % 36,21
Bai: 372
Ez: 17
Zuriak: 5
Baliogabeak: 0
Bi herri galdeketa hauekin, Arabako hiru udalerritan egin ditu jada Gure Esku Dagok herri galdeketak: Aramaion, Legution eta Urkabustaizen. Guztira, orain arte, 3.200 lagunek bozkatu dute herrialdean.
Hiru herri galdeketa egin dira orain arte Araban, hirurak Gorbeialdean: Aramaion, Legution eta Urkabustaizen. Aramaion, parte hartzeak %50a gainditu zuen.
Antolatzaileak “oso pozik” agertu dira emaitzekin, eta zifretan zentratu baino, prozesu guztia aztertzeko beharra ikusi dute: “Hauteskunde ofizialetako dirua, baliabide informatikoak … ez ditugu. Baina gogoak ditugu, asko gainera”, adierazi du Gure Esaku Dagoko Angel Oiarbidek. Honen ustez ere, “iraultza demokratiko” baten aurrean gaude.
Gasteizi dagokionez, sinadura bilketa abiatu dute Gure Esku Dagotik, 2019an herri galdeketa egin ahal izateko, gainontzeko hiriburuetan bezala. Maiatzaren 21era arte, galdeketa hau posible egin ahal izateko sinatu ahal izango da, besteak beste, Arabako hiriburuko eskola zein taberna ezberdinetan.
*Erlazionatutako artikuluak:
- Josune Aguirre (Legutioko Gure Esku Dago): “Igandeko galdeketa bagoitxo bat da; makinak martxan jarraitu behar du”
- Angel Oiarbide (Gure Esku Dago): “Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko hiriburu aurreratuena da Gasteiz”
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!