Haritz Mujika garaile Gasteizko final-laurdenean
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen faseko saioa jokatu da igandean Gasteizen, Europa Biltzar Jauregian. Haritz Mujika nagusitu da 695,5 punturekin eta zuzenean igaroko da finalaurrekoetara.
Gasteizen jokatu da asteburu honetan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen faseko laugarren saioa. Manex Agirre Arriolabengoa, Iban Urdangarin Lardizabal, Miren Artetxe Sarasola, Amaia Iturriotz Etxaniz, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Haritz Mujika Lasa izan dira oholtzan, eta Oier Azkarraga gai jartzaile.
Mujika nagusitu da 695,5 punturekin, aise, Miren Artetxe izan baita bigarrena 670 puntu lortuta. Atzetik izan dira Iban Urdangarin 660,5 punturekin, Xabat Galletebeitia 655,5rekin, Amaia Iturriotz 648 punturekin. Manex Agirre aramaioarra 573,5 punturekin azken postuan. Aurreko saioetan baino puntuazio apalagoak izan dira oro har; baina, erorikoak izan diren arren, bertso politak eta txalo zaparradak ere eman ditu saioak.
Hala Bedi Irratiko Bertxoko irratsaioan izango da saio honetako eta gainontzekoetako bertso azpimagarragarrienak entzuteko aukera, asteazkenero 20.00etatik 21.00etara.
Asteburu honetan kanporaketak Donostian eta Lizarran izango dira, larunbat eta igandean. Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariek hartuko dute parte Donostiako saioan. Lizarrako oholtzan Aitor Bizkarra, Asier Azpiroz, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor, Maialen Akizu eta Unai Gaztelumendi izango dira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!