HALA BIDEO | Hertzainaken azken kontzertua
Hertzainak taldeak behin betiko esan zuen agur Gasteizen urtarrilaren 6an emandako kontzertuan. Azkena gure alde bira txikiari bukaera eman zion ekitaldi hark Mendizabalan, 10.000 lagun baino gehiago bilduta eta euskal kulturgintzako hamaika gonbidaturen laguntzarekin.
Rokanrolak gurean ez du inoiz dirurik emanen, baina hala eta guztiz ere ez dira gutxi izan gure bizitzaren banda sonoroa eraikitzen lagundu diguten euskal taldeak. Horietako batek, inon baino alaiagoa izanen zela zin egiten zigun, akaso bere antzeko izena zeramaten beste horiek osatzen zuten talde armatu autonom(ik)oak ematen zizkigun disgustuei hobeto aurre egin ahal izateko.
Orain, periodiko guztietan, lehen orrian agertu diren honetan, une aproposa da ispiluaren aurrean jarri eta nostalgiaren eskutik atzera begirako bidaia egiteko.
Egia erran, ezer ez zen berdin gurean eta egunetik egunera dena okerrera zihoanaren sentsazioa eduki izan dugu maiz. Gauza asko dira aldatu, eskenatoki guztietan. Baina utzitako ajearen zaporea garratza izan da, denboraren orratzak zorrotz bezain gupidagabeak izan baitira denbora ohe hutsetan neurtzen den herrian.
Gutako gehienok jada ez dugu 564 abestia lehendabiziko aldiz entzun genueneko ohe berean loak hartzen eta lekutan ziren beste ohe madarikatu horiek ere hustuz joan dira. Baina zenbat min utzi dugun atzean, kamarada. Oraindik ere odolaren usainak darrai eta justizia eske segitzen dugu plaza desolatuetan.
Zoriontsua? erantzun bakarra ez duen galdera dela ikasi dugu urteekin, ilusio faltsuen jipoia jaso ostean, apika. Orain, zuriz margotuz isilarazi dituzten hormez jositako ziutatetan eutsi gogor esaten diogu elkarri, bi minutuero inoiz itzuliko ez den zerbait galtzen egonen bagina bezala.
Denborak etengabe egin duelako aurrera eta gutako gehienok ez garelako sekula Jamaikara joanen. Baina, behintzat, gure txokotan salda badago oraindik ere eta Jamaika bezain urrun dauden tokietatik datozen horiei gurera ongi etorriak direla esateko modu bat da. Haienak bai behar du izan herrimina.
Horietako askO, ihesi datoz, bake bila, lekurik hoberena non den ez dakiten arren. Izan ere, Guantanameratik abiatuz eta mundu osoan zehar hedatuz, yankeek euren gerrekin segitzen dute, zeru zabalean no time for love idatziz harroputz. Infernuko atetik igaro ostean datoz asko eta hor badugu zertan aritu Bidasoaren bi aldeetan, haiek eta gu bakean utzi arte.
Mundua, nolabait, gainera jautsi zaigu, baina hau dena aldatu nahi nuke esanez datoz belaunaldi berriak eta gu, ohartu gabe arrunt bilakatu bagara ere, ezin gara beti egon gaizki pentsatzen.
Gerrara ohitu gintezkelako, baina gerra egon badago, eta egiteke ditugun gauza denen aitormena egin dezagun. Sirena hotsak oraindik ere kalean entzuten dira, akaso osasungintza publikoaren aldeko mobilizazioetan edo akaso, beste emakume bat erail dutelako. Eta guk, oraindik ere, ez dugu aita nola hil erabaki.
Sakelekoan kantuak entzuteko daramagun aplikazioaren zerrenda gisa, egiteke ditugun zereginen zerrenda amaigabea da eta badugu zertan aritu, Batzokietan rokanrola entzuten den arte.
Aitziber Perez de Karkamoren testua
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!