[Hala bideo] Bihar izango da Euskararen aldeko manifestazioa Baionan
Baiona izango da euskararen aldeko mobilizazioaren eszenatokia.
Euskal Konfederazioak deituta, manifestazioa 17:00etan abiatuko da Suprefeturatik, “Azterketak euskaraz. Euskarari trabarik ez! Euskarak bizi behar du!” lelopean. Antolatzaileen arabera, euskarak oztopo larriak ditu Ipar Euskal Herrian, eta hizkuntza-politika eraginkorra eskatzen dute, baliabide gehiago eta benetako aitortza juridikoa lortzeko.
Frantziako Estatuaren hizkuntza-politikak eta tokiko erakundeen utzikeria salatu dituzte, azpimarratuz euskaraz bizitzeko eskubidea urratzen ari direla. Batxilergoko azterketak euskaraz egiteko eskaera izan da mobilizazioaren ardatzetako bat, baina, horrez gain, euskarazko irakaskuntza, administrazio erabilera eta lan munduan hizkuntzaren presentzia indartzea ere aldarrikatuko dute.
Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioarekin bat egin du, eta herritarrak kalera irtetera deitu ditu, euskararen biziraupena bermatzeko. “Euskararen aldeko jarrera aktiboa ezinbestekoa da; Frantziako Gobernuari eta tokiko agintariei eskatu behar diegu neurri eraginkorrak har ditzatela”, adierazi dute antolatzaileek.
Baionan egingo den mobilizazio hau, azken hilabeteetan Ipar Euskal Herrian hizkuntza eskubideen alde izan diren beste protesta batzuekin lerrokatzen da. Aurreikuspenen arabera, milaka euskaltzale elkartuko dira, euskararen aldeko oihu bateratua egiteko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!