HALA BIDEO | Asanblada irekia egingo da urtarrilaren 26an, asteazkena
Hala Bideora modu batean edo bestean hurbildu nahi duten horiei parte hartzeko gonbita luzatu diete lantaldeko kideek: "Ongi etorriak izango zarete ideiaren batekin ekarpen puntuala edo jarraikor bat egiteko gogoekin zabiltzatenak!"
Hala Bedi Arabako herri proiektu komunikatiboa da, eta beraz, ez du izaterik Herri mugimendurik gabe. Honen baitan kokatzen du bere burua Hala Bideok, ikus-entzunezko bitartekoekin hedabidea bera elikatzea helburu. Egitasmoa, zerbitzu bat izatea baino, jendearekin elkarlanean ikus-entzunezko proposamen anitzak aurrera eramatea da.
Hala Bideok, dinamika komunikatibo propioez gain, kolektiboen ahalduntze komunikatiboa zein elkarrekin egindako lanak bultzatu nahi ditu. Beraz, deia luzatu dute asanbladatik pasa dadila ekimenen berri, elkarrizketa proposamen, erreportaje edo edonolako ekarpena egin nahi duen edonor. Asteazkenero biltzen dira, arratsaldeko 18:30etan, Hala Bedi Irratian.
Zenbat eta jende gehiago izan taldean, gero eta ideia, ikuspuntu, jakintza kolektibo eta egin nahi ditugun gauzak aurrera ateratzeko aukera handiagoa dela gogorarazi dute Hala Bideoko kideek. Gauzak horrela, urtarrilaren 26an 18:30tan asanblada irekia egingo da Hala Bideora modu batean edo bestean hurbildu nahi diren horiekin: “Ongi etorriak izango zarete ideiaren batekin ekarpen puntuala edo jarraikor bat egiteko gogoekin zabiltzatenak!”. Bilera horretatik pasa ezin dutenentzako, aukera dago edonoiz Hala Bideoko kideekin harremanetan jartzeko halabideo@halabedi.eus emailera idazten, edo ohiko asanbladatik pasatzen.
Bestetik, aurten berrikuntza batekin dator Hala Bideo: Hala Bedi Irrati ondoko lokala erabiltzeko gonbitea. Nahiz eta garapen prozesuan egon oraindik eta gauza asko zehazteke dauden, espazioa prentsaurreko, mahainguru, hitzaldi, proiekzio, grabazio eta antzeko ekimenak burutzeko aproposa izan daiteke.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!