Hainbat sindikatuk administrazioko langileen behin-behinekotasun tasa salatu dute Gasteizen
Hego Euskal Herriko administrazioko langileen behin-behinekotasun tasa handia dela eta, mobilizazioak egin dituzte hainbat sindikatuk Gasteizen aste honetan. ESK eta Interinoak taldeek lanpostuak finkatzeko exijitu dute, eta ELAk, bere aldetik, "konsolidazioko LEPak" eskatu ditu, LABek bezala.
Hego Euskal Herriko administrazioko langileen behin-behinekotasun tasa %40tik gorakoa da, Estatuko handiena gaur-gaurkoz. Egoera horretan dauden langile gehienek, gainera, 3 urte baino gehiago daramate lanean bitarteko edo aldi baterako erregimenean (kasu askotan hamarkada bat baino gehiago), lanpostua kontsolidatzeko aukerarik izan gabe, Lan Eskaintza Publikorik egin ez delako. Lege-iruzurreko egoeran daudela esan nahi du horrek, bi urtetik behin egin behar direlako oposaketa publikoak, legearen arabera.
Europar Batasunaren Justizia Auzitegiaren 2020ko ebazpen baten arabera, eta auzitegi horren jurisprudentziaren arabera, Espainiar estatua behartuta dago behin-behineko langileen lege-iruzur egoera konpontzeko neurri efektiboak hartzera.
Hori betetzeko, urte bukaerararako behin-behinekotasun egoeran dauden langileen tasak %8koa izan beharko du estatuko administazioan. Gaur-gaurkoz, dekretu proposamen bat eztabaidatzen ari dira Kongresuan, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak hartzeko (14/2021 Errege Lege Dekretua).
Sindikatuen mobilizazioak Gasteizen
Aste honetan, Gasteizen, mobilizazioak egin dituzte sindikatuek egoera konpondu dadin eskatzeko. ESK sindikatuak, Interinoak Taldearekin eta Hitza Sindikatuarekin batera, mobilizazioa egin du gaur, urriak 28. Martxa egin dute Gasteizko Udaletxetik, Plaza Berritik, San Martineko udal bulegoetara.
Azaldu dutenez, administrazioan dagoen egoera “ezohikoa” da guztiz, eta ez da “kasualitatez” etorri, “Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuen pribatizazio eta prekarizazio politikengatik” baizik.
Gainera, kongresuan proposatu duten dekretua “berehala indargabetu dadila” eskatu dute, ez duelako bitarteko edo aldi baterako egoeran dauden langile guztien konsolidazioa bermatzen. Milaka langile “kaleratuak” izango liratekeela salatu dute eta “langile guztien enplegua egonkortzeko beharra” azpimarratu dute.
Interinok taldeak eta Hitza Sindikatuak gainera, “greba-jardunaldia” egin dute “enplegu publikoan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzearen aurka”. Kotxe-karabana egin dute eta Eusko Jaurlaritzan mobilizatu dira.
ELA sindikatuak, bestalde, afiliatuen kontzentrazioa deitu zuen asteartean, urriaren 26an, Gasteizko Udalean, Lan Eskaintza Publikoak “konsolidaziozkoak” izan daitezen exijitzeko. Azaldu dutenez, LEPak konsolidaziozkoak izango direla ziurtatzeko, kongresuan eztabaidatzen ari diren dekretuan aldaketa jakin bat egiteko presioa egin nahi dute: azterketa galdera-sorta bidezkoa izateko, hain zuzen.
LABen Gasteizko Udaleko Atal Sindikalak, bere aldetik, Gasteizko Udalaren azken “konsolidazioko LEPa” salatu du, ez duelako “langileak finkatzeko eta horiek lanpostuak lortzeko erraztasunak emateko” konpromisoa bete. Gainerako sindikatuekin bilera bat proposatuko dutela jakinarazi dute, negoziazio-mahaia lehenbailehen biltzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!