Hainbat ekintza egingo dituzte Acerosen itxieraren 25. urteurrena dela eta
Bi mahai-inguru, dokumental baten proiekzioa eta mobilizazioa antolatu dituzte urrirako. Gaur egun gauza askok berdin jarraitzen dutela salatu dute plataformatik. “Sistema kapitalista heteropatriarkalak eragindako krisi ekonomiko sakonean murgilduta, langabezi tasa, ezberdintasunak, prekarietatea -batez ere gazte eta emakumeena- errealitate larria osatzen dute Euskal Herrian”.
Aiaraldea.eus bidez
Prentsaurrekoa egin du “Aceros 25 urte” plataformak, aurten mende laurden betetzen baita Aceros de Llodio fabrika itxi zenetik. “Lantegiaren itxierak 560 zuzeneko lanposturen -1.000 baino gehiago industria-birmoldaketaren lehen urteetatik zenbatzen hasiz gero- eta zeharkako beste hainbesteren galera suposatu zuen, Euskal Herriko langabezi-tasa handienetariko bat zuen eskualde batean, batez ere gazte eta emakumeen artean”, adierazi dute plataformako kideek, eta azpimarratu dute “herri osoak” egin zuela bat langileek fabrikaren itxiera ekiditeko abiatutako borrokarekin.
Gaur egun gauza askok berdin jarraitzen dutela salatu dute plataformatik. “Sistema kapitalista heteropatriarkalak eragindako krisi ekonomiko sakonean murgilduta, langabezi tasa, ezberdintasunak, prekarietatea -batez ere gazte eta emakumeena- errealitate larria osatzen dute Euskal Herrian”.
Ekintza ugari
Hainbat ekintza prestatu dituzte urteurrena dela eta. Urrian egingo dituzte guztiak. Bi mahai-inguru egongo dira. Batak “Langile klasearen gaur egungo egoera eta erronkak” izango ditu hizpide, eta Acerosen itxiera, aldiz, besteak. Urriaren 11an egingo da lehena eta 17an bigarrena, eta biak ala biak hasiko dira 19:00etan Laudioko Kultur Etxeko Arraño gelan.
Argazki erakusketa bat prestatuko dute baita, urriaren 7an ikusi ahalko dena, Lamuza Parkean egingo den Parke Egunean.
Dokumentala eta mobilizazioa
Urriaren 20an, aldiz, “dokumental kolektibo” bat estreinatuko dute, “fabrikan eman zen borrokaz” mintzatzen dena. Mahai-inguruen toki eta ordu berdinean izango da hau baita.
21ean, aldiz, mobilizazio bat egingo dute, Lamuza Plazan. “Acerosen eman zen langile borroka omendu eta gaur egun borrokatzen jarraitzeko zilegitasun eta beharra aldarrikatuko dira bertan”.
Ekintza horien guztien helburua izango da “Acerosen bizitako borroka” eta “elkartasuna” gogora ekartzea, plataformatik nabarmendu dutenez. “Klase borroka ez da iraganeko kontua”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!