Greba deialdi gehiago Arabako Metalean, hitzarmena desblokeatzeko
Gehiengo sindikalak salatu du SEAk ez duela mugimendurik egin eta hitzarmena blokeatua duela. Horregatik, greba eta mobilizazioekin jarraitzeko beharra ikusita, deialdi berriak egin dituzte ekainaren 30 eta irailaren 21, 22 eta 23rako.
Arabako Metaleko Negoziazio Mahaiak blokeatuta jarraitzen du. Ez da aurrerapausorik egon maiatzaren 18an, 24an eta 26an ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek deitutako hiru greba egunen ostean. Gehiengo sindikalak, egoera horren aurrean, bigarren greba deialdi bat egitea erabaki du, hitzarmen duina lortzeko 20.000 langile baino gehiago batzen dituen sektore horretan.
Udako oporren aurretik SEAk “pauso ausartagoak” eman ditzan nahi dute deialdi honekin. Zehazki, ekainaren 30erako, irailaren 21, 22 eta 23rako deitu dituzte grebak.
Arrakastatsutzat jo zituzten sindikatuek maiatzeko grebak, eta uste dute SEA “konturatu dela” jarrera aldatu eta mugimenduak egin behar dituela: “konturatu da aitortu behar duela egiten dituen planteamenduak ez direla nahikoak eta ez dietela sektorearen beharrei erantzuten eta ez datozela bat plantillek sortutako aberastasunarekin”, baieztatu dute.
Sindikatuek berretsi dute kalera atera eta lantokiak husteko apustua, uste dutelako sektoreko mobilizazioen eta greben dinamikarekin jarraitu behar dela Arabako metalgintzarako akordio duin bat lortzeko. Azken hilabeteetan plataforma sindikalaren eta mobilizazioen ardatz izan diren aldarrikapen nagusiei eutsiko diete langileen sindikatuek:
- 1.400 euroko gutxieneko soldata 14 ordainsaritan, eta KPIaren gaineko soldata igoerak.
- Lanaldia murriztea.
- Subrogazioa azpikontratetako langileentzako.
- Kontratazio iruzurraren aurkako neurriak.
- Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.
- Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak.
- Lan osasuna bermatzeko neurriak.
- Baimenak hobetzea eta “pertsonak zentroan jartzeko” beste lan baldintza batzuk.
- Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultra-aktibitatea, alde bakarreko inaplikazioa eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.
Era berean, sindikatuek adierazi dute konprometituta daudela hitzarmena adostearekin, eta horregatik SEAri beste bilera bat eskatuko diotela ekainaren 29koaren aurretik. Proposamen berri bat egingo diote soldatari, subrogazioari eta malgutasunari dagokionean; SEAri exijituz, betiere, aurrerapausuak eman ditzala hark ere.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!