Goya bat eskuratu dezake Paul Urkijoren ‘Errementari’ filmak
Errementari-k 22 hautagaitza arte izan zitzakeen Goya sarien 33.ediziorako baina bakarrean geratu da: efektu berezi onenen saria eskuratu dezake. Ez litzateke Paul Urkijo zuzendari arabarraren lehen saria izango.
Kategoria batean izendatu dute Paul Urkijoren Errementari pelikula Goya sarietan: efektu berezi onenen saria eskuratu dezake. Hala ere, Goya sarien 33. edizioko hautagaitzak erabakitzeko lanetan ari zirenean, Errementari-k 22 hautagaitza arte izan zitzakeen. Azkenean, ordea, bakarrean geratu da. Gala otsailaren 2an izango da, Madrilen.
Errementari Urkijo zuzendari arabarraren lehen film luzea da, eta Kandido Uranga eta Eneko Sagardoy aktoreak dira pelikularen protagonistak. Urkijoren lanak Jose Miguel Barandiaranek 1903an idatzitako Patxi Errementaria ipuinean oinarritutakoa da, eta hainbat berezitasun ditu. Batetik, genero fantastikoaren aldeko apustua, eta euskal kutsu folkloriko eta historikoa du. Bestetik, euskara hutsean grabatu da, eta Araban hitz egiten zen euskalkia berreskuratu du.
Zehazki, XIX. mendean Araban hitz egiten zen euskara da erabili duena. Euskalki hori berreskuratzeko eta ulergarri egiteko, Koldo Zuazo hizkuntzalari eta ikertzailearen laguntza jaso du Urkijok. ‘Arabako euskara’ liburuaren egileak euskalki horren ibilbide historikoa eta egungo euskararekiko duen aldea aztertu ditu, Gorka Lazkano itzultzailearen laguntzarekin.
Pelikula Arabako zenbait lekutan grabatu da, besteak beste, Korres, Antoñana, Kanpezu eta Miñaon. Bizkaian (Ubiden) eta Gipuzkoan ere filmatu dira zenbat irudi.
Ez da lehenengo saria
Zinemetan aste luzez egon ostean, Netflix plataforma digitalean txertatua izan da orain filma. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean abiatu zuen bere ibilbidea Errementari filmak, lehendabizikoan Publikoaren Sari Nagusia jaso zuen.
Uthako FilmOuest Festivalean ere bost sari jaso zituzten: film onena, zuzendari onena, Eneko Sagardoyri aktore onena, jantzi onena eta makillaje onenaren saria.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!