Goian-ek ikasturte berrirako ekintzen programa aurkeztu du
Izena emateko epea datorren irailaren 30ean amaituko da, eta orduan hasiko dira 2019/2020 ikasturteko ekintzak. Goianeko "delikatessena" zer den azaltzeko bideo bat aurkeztu dute.
Kultur jarduerak, kirol jarduerak eta helduentzako elkar topatzeko espazioak izango dira Gasteizko Alde Zaharreko egitasmo hezitzaile honen ekimen nagusiak. Goian-ek argi azaldu du aurtengo proiektuaren oinarria: “Elkarbizitzan sakontzea bilatzen dugu, pertsona, eragile eta erakundeen arteko komunikazio eta elkarlanaren bitartez”.
Eta nola egiten dute hau? Aisialdiaren eremuan lan egiten du Goianek, “auzoko haur eta gazte guztiek auzoan ikasi eta gozatzeko” kalitatezko eskaintza zabal batekin.
Modu berean, talde guztietan parte hartzea, hezkidetza, euskara, aniztasuna, elkar zaintza eta komunitatearekin lotura balore gisa lantzen dituzte. Gainera, urtean zehar ekintza bereziak ere egin ohi dituzte, egitasmoan parte hartzen duten pertsona guztiei irekiak: irteerak, udalekuak, inauteriak eta auzo ekimenak, besteak beste.
Izen-ematea irailaren 9an ireki zen, eta hilabete honen amaierara arte luzatuko da. Horretarako, Goianeko bulegoa -Eskola kaleko Gasteiz Txiki Auzo Elkartean- zabalik egongo da asteartetik ostiralera, 11.00etatik 13.30era arte eta 16.00etatik 17.30era arte.
Urteko kuota 40 eurokoa da ekintza bakoitzeko. Hala ere, beharrezkoa bada, parte hartzaileek “elkarlan bekak” eskura izango dituzte eta ordaintzeko erraztasunak jarriko ditu Goianek. Ordainketa agiria eta izen emate orria beteta Goianeko bulegora eraman behar direla argitu dute.
2019/2020 ikasturteko ekintzen programa
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!