Goian-ek 2018-2019 ikasturteko programazioa aurkeztu du
Alde Zaharreko komunitate egitasmo hezitzaileak 20 ekintza inguru aurkeztu ditu ikasturte berrirako. Auzoko haur eta gazte guztiek auzoan ikasi eta gozatzeko kalitatezko kirol eta kultur jardueretan parte hartu ahal izatea bermatu nahi dute eskaintza zabal honekin.
Ikasturtea hasi da, nahiz eta oraindik ere ume asko oporretan egon. Goian-ek ere, Alde Zaharreko komunitate egitasmo hezitzaileak, hasiera eman dio kurtso berriari.
Elkarbizitzan sakontzea bilatzen duen heinean, pertsona, eragile eta erakundeen arteko komunikazioa eta elkarlana baliatzen ditu horretarako. Baina batez ere, arlo zehatz batean zentratzen da: aisialdia.
Auzoko haur eta gazte guztiek auzoan ikasi eta gozatzeko kalitatezko kirol eta kultur jardueretan parte hartu ahal izatea bermatzen dute eskaintza zabal baten bitartez. Talde guzti hauetan parte hartzea, hezkidetza, euskara, aniztasuna, elkar zaintza eta komunitatearekin lotura balore gisa lantzen ditu Goian-ek. Urtean zehar, ekintza bereziak, irteerak, udalekuak, ihauteriak eta auzo ekimenak antolatzen dituzte, eta hala jarraitzeko asmoa dute hasi berri den ikasturte honetan.
Hori dela eta, 2018-2019 programazioa aurkeztu dute: 20 ekintza inguru egongo dira eta urriaren 1ean hasiko dira hauek, urteko kuota 40 eurokoa izanik. Saskibaloia, zinema, futbola, musika, zirkua, bertsolaritza, pilota, sukaldea, Urban Dance…
Hala ere, beharrezkoa izanez gero, parte hartzaileek “elkarlan bekak” izango dituzte eskura, ordaintzeko erraztasunak bermatuz horretarako.
Izena emateko, ordainketa frogagiria eta izen emate orria Gasteiz Txiki auzo elkartean kokatuta dagoen Goian-en bulegora eraman beharko da: asteazkenetik ostiralera 11:30etatik 13:30ak arte edo 16:00etatik 17:30ak arte. Informazio gehiago lortzeko, goian.org web orrialdean eskuratzeko aukera dago.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!