GKS eta Etxebizitza Sindikatua txosnetako “beto politikoaren aurka” mobilizatu dira Gasteizen
Manifestazioa egin zuten larunbatean Gasteizen GKS eta Etxebizitza Sindikatuak deituta. Irtenbidea eskatzen dute Gasteizko jaietan txosna jarri ahal izateko: izan ere, Txosna Batzordeak beto politikoa ezarri diela salatzen dute, eta Udalak bere egin duela erabaki hori.
“Beto politikoa mantentzean interes handiena duena EH Bildu-Sortu da”, baieztatu dute manifestazioaren bukaeran. Txosna jartzea garrantzitsua da instituzioetatik kanpo antolatzen diren eragileentzako, azaldu dutenez, “jardun politikoa ekonomikoki sostengatzeko eta eragile politikook jaietan parte-hartzeko dugun modu nagusia direlako, gure jarduna sozializatzeko”. Betoa Mugimendu Sozialista “zokoratu eta indargabetzeko helburuarekin hartutako neurria” dela salatu dute, eta Euskal Herriko beste txoko batzuetan ere gertatu dela.
Gasteizko Udalari txosnagunean edo bertatik kanpo txosna jartzeko eskaera egin diote, baina, ez die alternatibarik eskaini, eta “betoa babestea” egotzi diote.
“Egoera gehiago luzatu ez dadin”, eskatu dute “EHBildu eta Sortuk eten dezatela beto politikoa”, Txosna batzordean “betoaren alde egin duten eragileak hartutako erabakia zuzen dezatela”, eta Udalak “espazio publikoa berdintasunean erabiltzeko eskubidea bermatu” dezala.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!