Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak blokeatuta dauka Arreta Goiztiarreko hitzarmen kolektiboaren negoziazioa
Irailean sinatu zuten aurreakordioa Arreta Goiztiarreko zerbitzua kudeatzen duen APDEMA Elkarteak eta Enpresa Batzordeak, baina Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak ez du finantzaketa bermatuko duen baieztatzen. Beraz, ezin da akordioa berretsi eta blokeatuta dago negozioazioa, langileen ordezkariek salatu dutenez.
Arreta goiztiarreko zerbitzua kudeatzen du APDEMA elkarteak, ia 200 langilek osatzen duten plantillarekin. Arreta goiztiarra gizarte-zerbitzua da, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen eskumenekoa (horrena da erantzukizuna eta finantzazioaren ardura). Garapen nahasmenduak dituzten edo horiek izateko arriskua duten 0 eta 6 urte bitarteko haurrak artatzen artatzen dituzte.
Azken enpresa-hitzarmena pasa den abenduan amaitu ostean, irailaren 23an sinatu zuten APDEMA elkarteak eta Enpresa Batzordean ordezkaritza duten sindikatuek (LAB, ELA, CCOO) datozen hiru urteetarako lau puntuko aurreakordioa: indarraldia, lanaldia, ordainsariak eta osagarriak bernebiltzen dituena.
Aurreakordioaren edukia, baina, Gizarte Ongizateko Institutuko Administrazio Kontseiluak berretsi behar du, APDEMAren Enpresa Hitzarmenaren eraginpeko zerbitzuak kudeaketa hitzartuko Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen titulartasun publikokoak direlako.
Hala ere, APDEMAko Enpresa Batzordeak salatu duenez, hilabete eta erdi igaro da aurreakordioa sinatu zenetik, eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak ez du ezer esan negoziazio kolektiboan sinatutako aurreakordioaren finantzaketa bermatzeari dagokionez.
Gauzak horrela, negoziazio-mahaia blokeatuta dagoela jakinarazi dute langileen ordezkariek. Gaur gaurkoz, langileen batzarrak deituko dituzte negoziazioa desblokeatzeko erabakiak hartzeko, eta bilera bat eskatuko dute Arabako Gizarte politiketako diputatuarekin.
Zerbitzuen murrizketa
Joan den urrian APDEMA elkarteak salatu zuen Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak inposatu zien lanaldi antolaketak ezinezkoa egiten zuela kalitatezko esku-hartzea bermatzea, zeharkako arreta nabarmen murrizten duelako. Profesionalen plantilla sendotzea eta arreta goiztiar integrala jasotzeko eskubidea bermatzea eskatu zuten orduan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!