Gerra Zibilean San Pedro mendian aritu zen euskal frontea ikertzeari ekingo dio arkeologo talde batek
Josu Santamarina Otaolak zuzendutako talde arkeologiko batek, Gerra Zibilean San Pedro mendian (Amurrio eta Urduñako udalerrietan) aritu zen euskal frontea ikertzeari ekingo dio. Urriaren 15etik aurrera, ekipo hau gerra-posizioen analisi, dokumentazio eta balio-hartze integralean arituko da, 2016ko urriko eta 2017ko maiatzeko kanpainetan hasitako lanak jarraituz horrela. Auzolana deitu dute larunbaterako.
Aurreko kanpainan, indusketak San Pedro mendiko azken defendatzaile errepublikarren mikrohistoria ahaztuak berreskuratze lanetan zentratu ziren, hau da, Euzkadiko Gudarosteko XIII. Brigadako gudari eta milizianoek utzitako aztarnetan. Borrokalari hauek frankisten erasoaldi bortitz bati aurre egin behar izan zioten, frankistek haien alde Kondor Legio alemanaren hegazkinak, italiarren tankeak eta Nafarroaren III. Brigada zituztelarik.
1937ko maiatzaren 26a, San Pedro, errepublikarraren azken eguna izan zen, defendatzaileek ezin izan ziotelako ofentsibari aurre egin. Hala ere, gaur egun egindako indusketa arkeologikoek egun lazgarri horren testigantza materialak jasotzen dituzte.
Esaterako, ehunka balazorro topatu dituzte San Pedron, munizio honen jatorria anitza izanik: Errusia, Austria, Mexiko, Txekoslovakia, Polonia, Alemania, Frantzia eta Estatu Batuak. “Gatazka horren izaera internazionalaren ebidentzia argia da”, azaldu du arkeologo taldeak. Gainera, industutako ametrailadore-abietan, izaera zibileko hainbat objektu ere topatu izan dira, besteak beste, 1878ko txanpona, Alfontso XII.a erregearen aurpegiarekin eta gerra garaiko diru eskasiaren lekuko, eta Gasteizko “La Esperanza” kontsumo-kooperatibaren 10 zentimoko txapa bat, agian, altxatuen errepresioaren lehen egunetan ihes egindako gasteiztar batek utzitako aztarna.
Euzkadi egunkariaren aurkikuntza
Iazko aurkikuntza harrigarriena Euzkadi egunkariaren ale bat izan zen, honakoa Euzko Alderdi Jeltzalearen prentsa-organo ofiziala zelarik. “Paperezko zati txiki eta hauskor batzuk baino ez ziren topatu 80 urtez pilatutako lur-estratuen azpian, non eta ametrailadore-abi errepublikarretako batean”. Laborategiko errestaurazio-lanek egunkariaren ale eta data zehatza identifikatzea ahalbidetu izan dute, San Pedro mendiko defendatzaileen azken irakurgaia gurera ekarriz.
1937ko maiatzaren 5eko alea da, bertan Gernikako bonbardaketari eta milaka euskal ume errefuxiatuen ebakuazioari buruzko albisteak jasotzen direlarik. Euzkadi egunkariaren egoitza laster itxia izan zen, Francoren indarrak Bilbon sartu zirenean eta komunikabideen gaineko zentsura zorrotza ezarri zutenean. Egunkari honen inprentak Hierro argitalpenerako erabili zituzten, Falangeko organo ofiziala eta El Correo Español egunkariaren aurrekaria.
Urte honetan ere, lan arkeologikoak Amurrio eta Urduñako udalen finantzaketari esker garatu ahal izango dira, baita Aztarna elkarte etnografikoaren eta Lezama, Aloria eta Uzkianoko herrien laguntzarekin ere. Horrela, edonork indusketa hauek bisitatu ahal izango ditu astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 16:00etara.
Larunbatean, auzolana
Aurtengo indusketek zonaldearen ondare-balioa azpimarratu eta gunea bisitagarri egiteko lehen neurriak hartuko dira. Lubakien tarte batzuk zabalduko dira, jendeak borrokagune honen historia bizi dezan.
Proiektuko kideek bi hitzordu azpimarratu dituzte. Alde batetik, urriaren 20an, larunbatean 10:00etan, auzolana deitu dute. Eta, bestetik, azaroaren 1ean, Santu Guztien Egunean, osteguna eta jai eguna izanik, ate irekien jardunaldia ospatuko da goizean, jende guztiak indusketen emaitzak ikus ditzan.
Entrevista con Josu Santamarina, director del grupo arqueológico, en Suelta La Olla
-
Erredakzioa: Gerra Zibilean San Pedro mendian aritu zen euskal frontea ikertzeari ekingo dio arkeologo talde batek??:??:??
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!