“Gazte Errailak” dinamika aurkeztu du Ernaik, urriaren 17ko mobilizazioetan atxilotutako gazteen aldeko elkartasuna antolatzeko
Iragan urrriaren 17an, Ernaik Altsasuko gazteen eta kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia salatzeko egindako protestetan atxilotutako 19 gazteen aldeko elkartasuna antolatzeko dinamika aurkeztu du.
“Gazte Errailak” dinamika aurkeztu du gaur arratsaldean Ernai Gazte Antolakundeak, Gasteizko tren geltokiaren aurrean. Urriaren 17an Ertzaintzak atxilotutako 19 gazteen aldeko elkartasun ekimena abiatu du horrela Gazte Antolakundeak, hurrengo hilabeteetan zehar luzatuko dena.
Urriaren 17an Kataluniako buruzagi independentisten eta Altsasuko Gazteen aurkako epaiak salatzeko mobilizazioak deitu zituen Ernaik Hego Euskal Herriko hiriburuetan, baita Gasteizen ere. Ehunka gazte elkartu zituen manifestazioa Foru Plazan bukatu ostean aldarriak Gasteizko tren geltokira eraman zituzten gazteek, bertan “Gazteok Independentzia” leloa zekarren pankarta batekin trenbidea moztu zuten.
Ertzaintza bortizki oldartu zen ekimenean parte hartzen ari ziren gazteen aurka eta tentsio uneak sortu zituzten Unibertsitatearen eta tren geltokiaren inguruetan. Orotara 19 izan ziren Ertzaintzak atxilotutakoak.
Gaur bildutakoek, egun horretan ekimen desobediente eta baketsu baten aurrean, Ertzaintzak eta EAJk izandako papera salatu eta “desobedientziaren bidetik aurrera” egiteko hautuan berretsi dira. Argi utzi dute ez direla “beso gurutzaturik” geratuko eta kaleak hartzen jarraituko dutela “behar den une guztietan”, ez baitute onartzen “inposizio espainiar kapitalistak duen esiakintza”.
Bide horretan “Gazte Errailak” dinamika jarri dute martxan atxilotuak izan ziren 19 gazteei elkartasuna adierazteko. Hurrengo asteetan zehaztuko dituzte dinamikaren nondik norakoak eta ekimen desberdinak. Elkartasun hori adierazteko hainbat bide zabaldu dituzte dagoeneko, hala nola, dinamika babesteko salgai jarriko dituzten kamisetak erosiz edota dinamika bera sare sozialetan zabalduz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!