Gasteizko Zentro Sozialista desalojo arriskuan
Laboral Kutxak Gasteizko Zentro Sozialista desalojatu nahi duela salatu dute Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Erraki sareak, eta espazioa defendatzeko manifestazioa deitu dute irailaren 12rako.
Argazkia: Gasteizko Kontseilu Sozialista
Gaur, abuztuak 31, prentsaurrekoa egin dute Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Errakiko kideek Gasteizko Zentro Sozialista desalojo arriskuan dela jakinarazteko eta irailaren 12ko manifestaziora batzeko dei egin dute.
Monseñor Estenaga kaleko espazioa DIA supermerkatua izan zen aurretik eta bost urte eman ditu hutsik, azken hilabeteetan mugimendu sozialistako kideek eraberritu eta erabili duten arte. Duela gutxi Laboral Kutxarena izatera igaro da legez exekuzio hipotekario bat tarteko, eta orain desalojo agindua igorri dute irailaren 15erako.
Laboral Kutxari desalojoa gelditzeko deia
Prentsaurrekoan Laboral Kutxa eta honen “interes ekonomikoa” seinalatu dute, eta dei egin diote desalojo prozesuan atzera egin eta espazioaren erabilerarako terminoak negoziatzera eseri dadin.
Espazio horretan “gatazka bat gorpuzten dela” adierazi dute: Laboral Kutxaren interes ekonomikoaren eta Gasteizko mugimendu sozialistaren interes politikoen artekoa, hain zuzen. Izan ere, salatu dutenez, lehenak “bere izaera sozialaren etengabeko apologia” egin arren, proiektu sozial arrakastatsu bat desalojatuko du dirua metatzen jarraitzeko. Bigarrenak, aldiz, “proletalgoaren bizi baldintzak hobetu eta kontzientzia iraultzailea piztea helburu duten hainbat proiekturi toki ematea” du xede. Gaur egun hainbat proiektu eta ekintza egauzatzen dira bertan, Etxebizitza Sindikatuaren elikagai eta altzari biltegia eta mugimedu sozialistak antolatutako hitzaldi eta jarduerak, besteak beste.
Manifestazioa irailaren 12an
Gasteizko Zentro Sozialistaren defentsan berretsi dira prentsaurrekora bertaratu diren eragileak eta desalojo arriskuaren aurrean irailaren 12an egingo den manifestaziora batzeko deia egin dute. Andra Mari Zuriaren plazan hasiko da, 18:00etan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!