Gasteizko Udaltzaingoaren 092 zenbakiak ez du euskaraz arretarik emango aurrerantzean
Udaltzaingoak PL2 maila eskatzen zuten 6 plaza eskaini zituen, Gasteizko euskara zerbitzua kontuan hartu gabe. ELAk salaketa jarri zuen eta nahi ez zuten ondorioa etorri da: Errege Egunetik, euskararik ez 092 telefono zenbakian.
“092, bai esan?” Edozein larrialdi baduzu eta Gasteizko Udaltzaingoari deitzen badiozu, ez saiatu euskaraz hitz egiten. Ofizialki prestatutako poliziarik ez dago euskaraz erantzuteko prest.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hala erabaki zuen pasa den martxoaren 13an, baina urtarrilaren 6ra arte izan dute epea Udaltzaingoan euskarazko arreta emateko.
Horretarako, baina, hiru urte atzera begira jarri behar gara. Gasteizko epaitegietan hasi zen prozesu honek gora egin zuen gutxinaka-gutxinaka, EAEko Justizia Auzitegi Nagusira iritsi arte.
Bitxia bada ere, hasierako iniziatiba ELA sindikatuarena izan zen. Baina sindikatuaren asmoa ez da bete. Izan ere, 2015ean Agirrelandan PL2ko plazak eskaini zituzten, baina Udaleko euskara zerbitzua kontuan hartu gabe. Prozedurak euskara zerbitzua abisatu behar dela ohartarazten du, eta hori salatu zuen ELAk.
ELAk helegitea jarri zuen orduan PL2-a eskatzen zuten sei plazen kontra. Gasteizko epaitegiek, hasiera batean, ez zuten kontuan hartu sindikatuaren helegitea. Ostean, berriz, ELAK EAEko Justizia Auzitegi Nagusira eraman zuen helegitea. Honek bai, honek arrazoia eman zion sindikatuari. “Gertatutakoaren ardura Udal Gobernu ezberdinen ardura da”, azaldu du ELA sindikatuak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!