Gasteizko Udalaren azpiegitura berdearen politikak “inkongruenteak” direla salatu du Benetako Green-ek
Otsailean, Benetako Greenek ohartarazi zuen Gasteizen 30 espazio baino gehiago zeudela hiri-berdegunerik gabeak eta oso zuhaitz gutxikoak, horietako asko berriki zaharberrituak.
Gasteizko Udalak, Ihoberekin batera (Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-jarduketarako sozietate publikoa), bero-boladetatik babesteko proiektua aurkeztu du. Babeslekuak, berdeguneak eta zuhaiztiak egingo dituztela iragarri dute. Benetako Green kolektiboak salatu duenez, proiektu hori Gasteizko Udalaren politiken “koherentzia falta garesti eta kezkagarriaren” erakusle da, hirigintzari eta klima aldaketari egokitzeko neurriei dagokionean.
Izan ere, azken urteetan Gasteizko espazio publikoaren gestoreek hartutako erabakien ondorioak salatu ditu Benetako Green kolektiboak: batetik, zuhaitzak masiboki moztu dituzte eta ez dagokien garaian; bestetik, plazak eta kaleak birmoldatu dituzte, asfaltoa lehenetsiz eta berdeguneak desagerraraziz. “Ubanismo gogorra” deitu diote Udalak jarraitu duen eredu horri eta ohartarazi dute gainontzeko hirietako tendentziaren guztiz kontrakoa dela, hiriguneak “berdetzea” baita joera orokorra. Gasteizko eredu horren adibide bezala aipatu dituzte Santa Barbara Plaza, Berpizkundearen Plaza, Judimendiko Sefarad Plaza, San Martin auzoko udal bulego berrien pareko plaza, Zabalganako Gizarte Etxearen ingurua eta San Francisco kalearen birmoldaketa.
Benetako Greenek Udalari exijitu dio kaleen eta plazen erreformen ereduan aldaketa “erradikala” egin dezala, hirian zuhaitzak jartzeko plan batekin, eta klima aldaketaren ondorioak arintzeko “politika argi bat” izan dezala, beroari aurre egiteko, bereziki.
Hiri-zuhaitzen kudeaketa Espazio Publikoaren Sailak bere gain hartu dezala ere eskatu dute. Gainera, ordenantza berri bat, plan zuzentzaile bat, behatoki bat eta hiri-zuhaitzen balioa handitzeko kanpaina bat beharrezkoak direla azaldu dute, Gasteizen bizi diren pertsona guztiek aukera izan dezaten hiri-berde orokorraren eta, bereziki, zuhaitzen onura kontaezinak ezagutzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!