Gasteizko Udalak Olarizun erabili zuen administrazio-estrategia bera erabili nahi du desalojo bat gauzatzeko
Urtaranen gobernuak iragarri du Olarizuko etxebizitzen kasuan erabili zuen administrazio-izapide bera hasiko duela, oraingoan Alde Zaharrean eraikin bat husteko, baldin eta apirilean Epaitegian jarri zuen salaketa bat ibilbiderik gabe geratzen bada. Okupazioaren "arazoaren" aurkako baliabide bezala aurkeztu dute izapidea.
Irudia: Ruiz de Vergara Jauregia / Google maps
Urtaranen gobernuak iragarri du Olarizuko etxebizitzen kasuan erabili zuen administrazio-izapide bera hasiko duela, oraingoan Alde Zaharrean etxegabetze bat burutzeko, baldin eta apirilean Epaitegian jarri zuen salaketa bat ibilbiderik gabe geratzen bada.
Zehazki, uda partean irekiko den Gasteiz Antzokiaren ondoko eraikin bat hustea bizkortzeko errepikatu nahi dute estrategia. Hau da, Ruiz de Vergara jauregiaren ondoko eraikin batean ustez bizi diren pertsonak bota nahi dituzte. Nabarmendu behar da Lurralde Sailak berak El Correo-ri jakinarazi diola pertsona horiek egoteak ez dituela oztopatzen jauregiko obrak.
Ezoihiko estrategia administratibo hori erabiltzen badute, 21 Zabalguneak Udalari emango dio higiezinaren titulartasuna, “ofizioz berreskuratuz”, El Correoren arabera. 21 Zabalgunea, udal-lurzorua kudeatzeko erakundea da, sozietate anonimoa.
Olarizuko etxegabetzeak
Horrela jokatu zuten Udalak eta 21 Zabalguneak iaz Olarizuko etxebizitzak husteko ere. Desalojoa egin ahal izateko bide penala agortuta, Urtaranen kabineteak, PPrekin batera, administrazio-estrategia berri horri ekin zion: 21 Zabalguneak amaitutzat eman zuen Olarizuko etxebizitzak kudeatzeko lana eta, aurrekontuetan hainbat doikuntza egin ondoren, Udalak blokeen titulartasuna lortu zuen.
Olarizu hustu ondoren, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak iragarri zuen bide administratibo horrek aurrekari bat ezarriko zuela arazotsutzat jotzen ziren edo “bizikidetzari” eragiten zioten espazioak husteko, bereziki Alde Zaharrari erreferentzia eginez.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!