Gasteizko Txosnetako kartela aurkeztu dute, herri mugimenduaren aldarrikapenak bilduz
Gasteizko Txosnetako 2017.urteko kartela aurkeztu dute Gasteizko erdialdean. Herri Mugimenduaren aldarrikapen ezberdinak biltzen ditu kartelak, Gasteizko Txosnak osatzen duten eragileak ere bilduz.
Egunei dagokienez, borroka molde ezberdinak jorratuko dituzte jaietako egunetan. Txupinazoaren osteko egunea, abuztuaren 5ean, Preso eta Iheslarien Eguna izango da; egun horretako bazkari herrikoia Landatxon izango da, Alde Zaharrean. Entxosnatu Eguna, abuztuaren 6an izango da eta Gazte Eguna, 7an. Herri Botereak hartuko du protagonismoa abuztuaren 8an eta jaiak amaitzeko Egun feminista antolatu dute abuztuaren 9rako; emakumeen musika taldeek hartuko dute protagonismoa egun honetan.
Kartelaz gain, kontzertuen zerrenda ere publikatu dute Gasteizko Txosnek azkenengo egunetan. Aipatzekoak dira Tremenda Jauria, The Soulbreaker Company, Amparanoia, Sorkun edo Skarra Mucci. Hala ere, zerrenda guztia gure webgunean ikusgai dago.
Gainera, Herri Mugimenduaren topagunea den Gasteizko Txosna Batzordeak larunbateko Errekaleorren aldeko manifestazioarekin bat egingo duela iragarri du.
Hala Bedik, urtero bezala, txosna jarriko du Gasteizko Kanpusean kokatuta egongo den txosnagunean, eta berriak jakin ahala informatzen jarraituko dugu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!