Gasteizko Txosnek urteko lehen ekimena aurkeztu dute: Banda Lehiaketa
Prozesuan zehar kanporaketa ezberdinak egongo dira eta talde irabazleak kontzertua eskainiko du Gasteizko Txosnetan. Ez da urteko ekimen bakarra izango.
Gasteizko Txosnek urteko lehen agerraldia eskaini dute. Urtarrilean izan da hau, urtarrilaren 18an, eta beraz, ez da jaietako egitaraua aurkezteko agerraldia izan. 2019.urteko lehen ekimena (baina ez bakarra) aurkeztu dute: Banda Lehiaketa.
Ekimena aurkeztu aurretik, Gasteizko Txosnak urtean zehar “lanean etengabe gauden eragileok” osatzen dituztela gogoratu dute. “Aurten, beste urrats bat egin nahi izan dugu eta urte guztian zehar ekimen puntualak antolatzeko ardura hartu dugu”. Ekimen hauen oinarri nagusia parte hartzea izango dela argitu dute.
Gasteizko Txosnetan jotzeko aukera
Banda Lehiaketaren helburua, besteak beste, “talde ez-ezagunei eszenatoki gainean aukera bat ematea izango da”. Horretarako, edozein taldek har dezake parte txapelketan, urtarrilaren 18an bertan irekiko den eta martxoaren 8ra arte luzatuko den izen-ematearen bitartez.
Apuntatzeko gasteizkotxosnak.org webgunean sartu eta bertan dagoen formulario bat bete behar da: taldekideen datuak txertatzeaz gain, bost abesti igoko dituzte. Bost hauetatik, hiru gutxienez euskaraz egon behar dira. Horretaz gain, argazkiak, bideoak edota sare sozialen berri emateko aukera izango dute webguneko inprimakian.
Hurrengo fasea martxoaren 15etik 21era izango da. 10 talde sailkatuak iragarriko dituzte orduan Gasteizko Txosnek.
10 talde hauetatik, bost finalera igaroko dira. Bost horietatik, bat ikuslegoak aukeratuko du. Beste bat, gutxienez, Arabakoa izan behar da; eta, beste batek gutxienez, emakumeen presentzia izan beharko du.
Bost talde finalistek zuzeneko kontzertua eskainiko dute aurrerago zehaztuko duten egun batean Jimmy Jazz aretoan. Eta, bukatzeko, bost horietako irabazleak Gasteizko Txosnetan jotzeko aukera izango du, jaietako egun batean. Horretaz gain, 500 euroko saria ere jasoko du talde irabazleak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!