Gasteizko Txosnek Banda Lehiaketaren 2023ko edizioa aurkeztu dute
Gaur aurkeztu dute Gasteizko Txosnak osatzen dituzten eragileek Banda Lehiaketaren edizio berria. Ezagunak ez diren taldeei oholtzaren gainean aukera bat ematea da lehiaketaren helburua. Izena emateko epea zabalik da martxoaren 2ra arte.
Iaz ireki zen Gasteizko txosnagunea bi urteko geldialdiaren ondoren, eta izandako harreraren balorazio positiboa egin du Txosna Batzordeak eta urte honetan “berriro ere gune alternatibo, sortzaile eta politiko bat eskaintzeko asmoa” dutela adierazi du.
Bide horretan, txosnen programazioan “ezinbestekoa” bilakatu den ekitaldiaren edizio berria aurkeztu dute gaur: Gasteizko Txosnetako Banda Lehiaketa, hain zuzen ere.
Ekimen horren helburu nagusia ezagunak ez diren taldeei oholtzaren gainean aukera bat ematea da. Edozein taldek hartu dezake parte txapelketan, beraz.
Izen-ematea
Banda Lehiaketa aurkeztu duten egunean bertan, urtarrilaren 10ean, ireki da izena emateko epea. Martxoaren 2an itxiko da, arratsaldeko 15:00etan.
Izena emateko www.gasteizkotxosnak.eus webgunean sartu eta galdetegi bat bete beharko da: taldekideen datuak eman eta hiru eta bost abesti artean igo. Hirutik batek eta bostetik bik, gutxienez, euskaraz izan behar dute. Horrez gain, argazkiak, bideoak edota sare sozialen helbideak ere eman daitezke.
Lehiaketaren faseak
Izen-emate epea bukatzen denean, Gasteizko Txosnek 8 talde sailkatuko dituzte eta horien izenak iragarri. Ondoren, martxoaren 9tik 19ra bozkatzeko epea zabalduko da.
Sailkatutako 8 taldeetatik 4 igaroko dira finalera. Bat publikoak aukeratuko du: boto gehien eskuratzen dituena izango da. Gainontzeko hirurak zeintzuk izango diren Gasteizko Txosnetako epaimahaiak erabakiko du. Lau horietatik bat gutxienez Arabakoa izan beharko da eta batek gutxienez emakumeen presentzia izan beharko du.
Lau talde finalistek zuzeneko kontzertua eskainiko dute matxoaren 30ean Jimmy Jazz Gasteiz aretoan. Irabazleak Gasteizko jaietako egun batean Gasteizko Txosnetan jotzeko aukera izango du eta 500 euroko sari ekonomikoa ere jasoko du.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!