Gasteizko tranbia moztu dute preso gaixoen askatasuna eskatzeko
Bi pertsona tranbiaren trenbidean kateatu dira eta Eusko Legebiltzarra interpelatu nahi izan dute ekimen honekin. Oier Gomezen heriotzak markatutako astearen amaieran dator ekimena: bihar manifestazio ezberdinak egongo dira Gasteizen.
Otsailaren 1eko 17:30ean hasi da ekimena, Eusko Legebiltzarretik metro gutxira igarotzen den tranbiaren ibilbidean. Bi pertsona tranbiaren trenbidean kateatu dira eta, beraz, tranbiak ezin izan du ibilbidearekin jarraitu eta moztuta egon da denbora luzez. Denbora-tarte baten ostean, bi neskak askatu dituzte eta Legebiltzar raren barruan sartu dituzte. Ia bi orduz atxilotuta egon ostean, identifikatu eta aske utzi dituzte.
Ekimena baino minutu batzuk beranduago, bi neskek Legebiltzarraren barruan jarraitzen zutenean, beste hiru oinezko atxiki egin dituzte ekimenarekin lotuta. Behin identifikatuta, hauek ere aske utzi ditu Ertzaintzak.
Kateatutakoen inguruan, dozena bat lagun baino gehiago hurbildu dira babesa erakusteko eta bertatik pasa diren oinezkoei eskuorriak banatzeko. “Ekimen honek larrialdi dei bat izan nahi du”, irakur daiteke bertan. “Berebizikoa da gaixo diren presoak askatzea. Espetxeak gaixotasunak artatzeko baldintza egokirik ez du. Espetxe instituzioak berak, patología desberdinak sortzen dituela frogatua dago. Baina batez ere larriki dauden presoen oinarrizko eskubideak uneoro urratzea dakar. Espetxeak heriotza azkartzen du eta bizitza ukatzen du”.
Eusko Legebiltzarra interpelatuz
Lekua bera, nahita erabakitako gunea da, hala irakur daiteke eskuorrian bertan: “Dei egiten diegu parlamentu honen atzean dauden arduradunei, haien ardura ere badelako espainiar eta frantziar espetxeetan dauden euskal herritarren bizitzak defendatzea. Orain da momentua, bizirik nahi ditugu”.
Izan ere, ekimen hau Oier Gomez errepresaliatu politikoaren heriotzak markatutako astean dator. Aurreko larunbatean hil zen, 04:30ean. Orain dela bi astetik ospitalean zegoen, haren osasun egoerak okerrera egin ostean, eta ordurako medikuek ohartarazia zuten preso ohiaren egoerak ez zuela hobera egingo. 35 urte zituen eta Gasteizkoa zen. Zentzu honetan, Ezker Abertzaleak astelehenean Gasteizen egindako manifestazioan argi utzi nahi izan zuen: “Ez da hil. Espetxeak hil du Oier”.
Asteazkenean, bi egunez beilatokia irekita egon ostean, Oier Gomezen gorputza ehortzi zuten Miarritzen, omenaldi batekin lagunduta. Bueltako bidaian, babesa jaso dute senideek errautsak Arrasatetik igarotzerakoan.
Mobilizazio gehiago asteburuan
- Larunbatean, otsailaren 2an, manifestazioa deitu du Sare Herritarrak: 17:00etan hasiko da hau, Iparralde Gizarte-Etxetik. Eta, Gasteiztik kanpo, Galdakaon 13:00etan (Udaletxean) eta Donostian 12:00etan (Alderdi Ederren) ere mobilizazioak deitu ditu. Mobilizazio hauek aurkezteko agerraldia ostegunean izango da, Ciudad de Vitoria hotelean 11:00etan.
- Larunbatean, otsailaren 2an, manifestazioa deitu du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. Azkenengo orduan, ordua eta lekua aldatu behar izan dute: 19:30ean abiatuko da, Andra Maria Zuriaren plazatik.
- Igandea, otsailaren 3an, azken agurra Auzolana pilotalekuan 13:00etan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!