Gasteizko Mugimendu Feministak “beldurrik gabe bizi eta gozatzeko” eskubidea aldarrikatu du jaien aitzinean
Eraso matxisten aurkako protokoloa martxan jarri du Mugimendu Feministak, baita erasoak salatzeko telefonoa ere.
Jai giro eta parrandari lotutako espazioak berriro ireki direnetik emakume eta sexu disidenteen aurkako erasoak ugaritu direla eta, Gasteizko Mugimendu Feministak gogorarazi du eraso horiek ez direla modu isolatuan ulertu behar, “sistema zisheteropatriarkalaren isla gordina” baitira.
Izan ere, “balio zisheteropatriarkal eta kapitalista erreproduzitzeko espazioak” bilakatzen direla azpimarratu dute: “jaietan indarkeria mota desberdinak ematen dira, eraso matxista eta jazarpenetatik hasi eta intentsitate ezberdinerako bestelako indarkerietaraino: aisialdiaren ikuskera androzentrikoa, oholtzetako bazterkeria…”.
Eraso matxisten aurkako protokolo feminista
Egoera honi aurre egiteko, eraso matxistak erantzuteko protokolo feminista abiarazi dute. Protokoloak, azaldu dutenez, 3 helburu nagusi ditu: jendartean gaiaren inguruko kontzientzioa lantzea eta erasoen kontra egitea guztion ardura eta konpromisoa dela ulertaraztea, eraso baten aurrean ikuspegi feministatik erantzuteko neurri zehatzak martxan jartzea, ea emakume eta sexu disenteak* jaietan subjektu aktibo bilakatu eta erasoen aurrean erantzuteko autodefentsa feministaren aldarria zabaltzea.
Udan zehar auzoetako jaietan egin bezala, protokoloa eragileekin elkarlanean jarriko dute martxan: herri mugimenduarekin Txosnagunean, GEU elkartearekin Aihotz plazan, eta erdiguneko hainbat tabernetan. Zentzu honetan, protokoloa elkarbanatzeko prest egon daitekeen beste edozein eragile edo komertziorekin hau elkarbanatzeko prest daudela gogorarazi du Mugimendu Feministak.
Gasteizko Mugimendu Feministak telefono zenbaki bat ere abiarazi du jaietan eman daitezkeen erasoei erantzuna emateko eta erasotuak izan diren horiei akonpainamendua egiteko. Jaiak dirauten bitartean telefonoa aktibo egongo da: 747 414 834.
Manifestazioa abuztuaren 4an
Horretaz gain, Gasteizko emakume guztiei abuztuaren 4an, gaueko 23.59ean, “Beldurrak gurekin jai” lelopean eta brulleriasetik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete Mugimendu Feministako kideek.
Gogora ekarri nahi izan dituzte azken asteetan parranda guneetan ziztada jaso izan dituzten emakumeak: “eraso mota hauek lapurtzeko edo sexu delituak egiteko helburuarekin erabili ohi dituzte baina modu berean, beldurra zabaltzeko eta emakumeoi gauak eta parranda guneak gureak ez direla gogorarazteko baita”. Emakumeek bizirik egoteko, aske izateko eta nahi dugun lekuan, moduan eta ordutegian dibertitzeko eskubide osoa dutela defendatu dute.
“Beldurrik gabe bizi eta gozatzeko eskubidea dugula irmoki adierazten dugu. Erasoen aurrean, autodefentsa feminista antolatzeko dei egiten dugu, legitimitate osoarekin. Gure artean saretzen, elkar zaintzen eta babesten jarraituko dugu”, azpimarratu du Gasteizko Mugimendu Feministak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!