Gasteizko Itaiak mobilizazioa deitu du azaroaren 25erako, «Instituzioen berdintasun faltsutik kanpo antolatu» lemapean
Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, azaroaren 25ean, "Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki" aldarripean, manifestazioa deitu du Itaiak Gasteizen. Arratsaldeko 18:30etan abiatuko da manifestazioa Andra Mari Zuriaren plazatik.
Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak Eusko Jaurlaritzako Politika Sailaren aurrean egin zuen agerraldia iragan astean manifestazioa iragartzeko. “Instituzio eta politikari profesionalek berdintasun politikak euren aurpegi zuriketarako erabiltzen dituztela” salatu zuten agerraldian, eta “indarkeria matxistari aurre egiteko antolakuntza propioa” aldarrikatu.
Itaiaren arabera, instituzioetako politikak indarkeria matxistaren kudeaketara eta norbanakoen heziketara mugatzen dira, “indarkeria matxistarekin amaitzeko inolako asmorik gabe”.
Politika horien “ezintasunaren” adibide bezala Espainiako Gobernua aipatu dute: politika feministetara inoizko diru-poltsarik handiena bideratu badu ere, politika horien “mugak agerian” geratzen direlako. Itaiako kideek azpimarratu dute “emakume asko eta asko” daudela, esaterako, “euren erasotzaileekin oso egoera txarretan bizitzera behartuta”. Hala ere, tokian tokiko Babes Etxebizitzak “kolapsatuta” daudela, psikologia zerbitzuetarako itxaron-zerrendak “izugarriak” direla edota askotariko prozesu judizialak “luzeak eta trabaz beteak” izaten direla ohartarazi dute.
Itaiaren proposamena da indarkeria matxista sostengatzen duten baldintza material eta kulturalei “aurre egitea”; besteak beste, “emakumeon pobrezia, lan baldintza kaskarrak, objektu izaera sexuala indartzen duten industriak edota emakumeon despolitizazioa” borrokatzen.
“Ezin dugu onartu milioika emakume muturreko baldintzetan esplotatzen dituzten enpresek indarkeria matxistaren aurkako kanpainak eta protokoloak beraien aurpegia zuritzeko eta gero eta diru gehiago eskuratzeko erabiltzea”, baieztatu du antolakundeak.
“Guztion ongizatea bermatuko duen gizarte eredua eraikitzea” dute beharrezkotzat, “indarkeria matxistaren oinarriak borrokatuz, emakume langileon babesa antolatuz eta erasotzaileei aurre egiteko bitartekoak eraikiz”.
Azaroaren 25ean mobilizazioa
Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, azaroaren 25ean, Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki aldarripean, manifestazioa deitu du Itaiak Gasteizen. Arratsaldeko 18:30etan abiatuko da manifestazioa Andra Mari Zuriaren plazatik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!