Gasteizko Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuaren baliabide falta salatzeko loaldia egingo dute, etxebizitza eskubidearen alde
Inor Ez Etxerik Gabe - Derecho A Techo plataformak, beste eragile sozial batzuekin batera, egin du deialdia. Protesta eta asanblada egingo dituzte irailaren 23an Gasteizko Plaza Berrian.
Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuaren egoitzaren aurrean egindako agerraldian, udal baliabide horren “prekarietatea eta errekurtso falta” salatu dute dozenaka lagunek, Inor Ez Etxerik Gabe – Derecho A Techo plataformak deituta. Lehen aldiz “egoera onartezinaren” berri eman zutenetik “ezer ez aldatu izana” arbuiatu dute eta azpimarratu arrazoia “borondate politiko falta” dela, ez diru falta.
Gasteizko Udalak egindako politikak gaitzetsi dituzte, ez dutelako etxebizitza eskubidea bermatzen eta aporafobikoak direlako: “badirudi Urtaran jauna pertsonak kalean bizitzearen aldekoa dela”. Adibide bezala aipatu dituzte Olarizuko etxegabetzeak eta kontserbatorioan jarritako hesiak, han lo egiten zuten pertsonak alternatibarik gabe kanporatzeko.
Etxebizitza bermatu beharreko eskubidea dela gogorarazi dute eta hori ez bermatzeak gizarte bazterkeria areagotzen duela, “gizarte kapitalistak merkantzia bihurtu arren”.
Loaldia eta asanblada, irailaren
Irailaren 23tik 24ra, ostiraletik larunbatera, loaldia egingo dute, protesta gisa, Gasteizko Plaza Berrian. Gainera, asanblada irekia egingo dute 20:30etan. Hiriko beste eragile sozial eta politiko batzuekin batera etxebizitzaren auziari helduko diote: gazteriaren emantzipazioaz, pertsona arrazializatuen gizarte bazterkeriaz, oinarrizko horniduraz, udalaren errekurtso faltaz, auzoetako gentrifikazioaz eta bizitzaren garestitzeaz jardungo dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!