Gasteizko gaztetxeko egitaraua aurreikusi bezala beteko da, jazarpen poliziala gorabehera
Atzo, osteguna, muinoko etxera agertu zen polizia, espazioa "gazte lokala" delako aitzakiapean. Hastear zen Topaketa Libertarioen jaialdia bertan behera uztera behartu zituzten bertan ziren kideak eta espaziotik aterarazi zuten jendea. Hala ere, datozen egunetarako programatutako jarduerekin aurrera egingo dute.
Atzo, osteguna, gaztetxean egitekoak ziren Topaketa Libertarioen irekiera ekitaldia eta jaialdia, irailerako gaztetxeko programazioaren baitako jardueretako bat. Jaialdia hastear zela, baina, uniformatutako udaltzainak eta kalez jantzitako poliziak agertu ziren muinoko etxera. Espazioa “gazte lokala” dela esanez, barruan zen jendea aterarazi zuten eta jaialdia bertan behera uztera derrigortu nahi izan zituzten antolatzaileak. Eusko Jaurlaritzak agindutako neurrien arabera, gazte lokalek itxita behar dute gaur gaurkoz. Gaztetxea erabilera pribatuko lokala ez den arren, aitzakia hori erabili du poliziak, beste behin ere.
Jazarpena gorabehera, baina, datozen egunetarako programatutako egitaraua aurreikusi bezala betetzeko borondatea dutela jakinarazi gaztetxeko kideek. Espazioak covid protokoloa duela eta neurri sanitarioak errespetatzen dituela azpimarratu dute.
Jazarpen poliziala gaztetxearen aurka, neurri sanitarioen aitzakiapean
Ez da Gasteizko gaztetxeko kideek horrelako egoera bat salatzen duten lehen aldia. Iazko urrian Gasteizko udaltzaingoak 30 pertsona inguru identifikatu eta isunez mehatxatu zituen. Orduan, prentsaurreko batean salatu zuten jazotakoa: “osasun aitzakiaren ostean poliziak arrazoi erabat politikoak ezkutatzen ditu”. Gaztetxeak “jarduera legeztatua” duten beste espazio batzuen antzeko prebentzio-neurriak hartu dituela azpimarratu zuten, eta “bertatik egiten den lan politiko, sozial eta kulturalari zilegitasuna kendu” nahi diotela.
Aurtengo maiatzean ere kontzentrazioa deitu zuen gaztetxeko asanbladak, Covid19aren aitzakipean emandako eraso polizial konstantea salatzeko: isunak, identifikazioak, kontrol-saiakerak, etab. Horren atzean Gasteizko gaztetxearen kriminalizazioa, baina batez ere gaztetxe zein gune autogestionatuak itxita mantetzea bilatzen dutela azaldu zuten asanbladako kideek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!