Gasteizko Alde Zaharreko bizilagun baten etxegabetze ilegala salatzetu dute auzokideek
Dozenaka lagun elkartu dira ostiral iluntzean Auzoan Bizi etxebizitza sareak deitutako elkarretaratzean, Alde Zaharreko bizilagun baten etxegabetzea salatzeko.
Egunak zeramatzan etxebizitzaren ustezko jabeak etxea uzteko mehatxuak egiten: astebete zen ur eta argi hornidura eten ziola, eta dirua eskaini zion etxea uztearen truke. Egoiliarrak etxean geratzeko asmo sendoa erakutsi ondoren, jabeak etxea itxi du hau kanpoan zegoen bitartean. Auzoan Bizik salatu du ustezko jabeak espekulazioz eta legez kanpo jokatu duela: “mehatxuaren eta beldurraren bidez saiatu dela egoilarra etxetik botatzen eta horrela lortu ez duenez etxea itxi du, bertan bizi den pertsona kanpoan zela”.
Etxegabetzeen aurka, auzodefentsa
Oso larritzat jo du Auzoan Bizik egoera: kalean utzi dute emakume migratu bat elurra eta hotza egiten duen bitartean, haren etxea hutsik den bitartean.
“Eguneroko ogia dira etxegabetze saiakerak, jabeen gehiegikeriak, alokairu eta errolda kontratuen dokumentuak salduz migratzaileen beharren bizkar aberasten diren espekulatzaileak”, azaldu dute.
Legeak, diruak eta erakundeek inposatutako indarkeriaren eta kontrol sozialeko mekanismoen aurrean, Auzoan Bizi sareak antolaketa eta autodefentsa, elkarri laguntzeko sareak, klase-elkartasuna, feminismoa eta arrazismoaren aurkakoa defendatzearen alde egin du.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!