Gasteizen egongo da Anna Gabriel irailaren 15ean
Goizeko 11:30etan eskaniko du hitzaldia CUPeko diputatuak, Aldabe gizarte-etxean. Elkarrizketa/hitzaldi formatua izango du topaketak eta Hala Bediko bi kidek luzatuko dizkiote galderak. Elkartasun mobilizazioek jarraitzen dute eta joaldun bat agertu da Salburuan, esteladarekin. Gobernu delegaritzak ekitaldia ilegala dela esan du.
Tentsioa gora doan heinean eta mugimendu independentistak erreferendumeko apustua mantentzen duen bitartean, CUPeko Anna Gabriel Gasteizen egongo da irailaren 15ean, ostiralean. Aldabe gizarte-etxean hitzaldi/elkarrizketa formatuko solasaldia eskainiko du CUPeko diputatuak, eguerdiko 11:30etan. Gobernu delegaritzak ekitaldia ilegala dela esan du eta bertan behera uztea eskatu dio Udalari.
Bi kazetarik elkarrizketatuko dute zuzenean CUPeko kidea: Hala Bediko Gixane Moragues eta Igor Goikolea. Hitzaldi hau, iraila hasieran sortu zen AsCATasunera herritar taldeak antolatutako elkartasun astearen baitan kokatu dute.
Elkartasun mobilizazioek jarraitzen dute
Diadaren eta erreferendumaren kontestu honetan, mobilizazioak egin dituzte gasteizen azken egunetan. Irailaren 9an, ANC Euskal Herriak deituta, 200 lagun inguru bildu ziren “Kataluniarekin Diadan eta erreferendumean” lemapean. Irailaren 11n, Diada egunean, elkarretaratzea egin zuten AsCATasunerak deituta. Zaramagako jaietako egitarauaren barruan, irailaren 13an, 19:00etan ‘Terra Lliure. Punt final’ dokumentala ikusgai egongo da M3moria Gunean.
Gainera, Salburuako auzoan joaldunak agertu dira irailaren 12an. Argazkietan ikus daitekeenez, joaldunek estelada daukate eskuan, Kataluniako ikurrina independentista.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!