Garikoitz Etxeberria euskal preso politikoak gose greba hasi du Zaballako espetxean
Euskal Herriari zuzendutako ohar batez eman du jakitera Garikoitz Etxeberria Goikoetxea preso lizartzarrak gose grebari ekin diola apirilaren 19an, bakartze egoeratik atera eta kideekin elkar dezaten.
Apirilaren 14an iritsi zen Palentziako Dueñasetik Zaballako espetxera. Modulura eraman zutenean ziegan beste preso batekin bikoiztera behartu zuten eta, uko egin ziolako, bakartze egoeran daukate ordutik.
“Preso ororen eskubidetzat dut ziegan bakarrik nahiz binaka bizitzea hautuz, espetxeak bata zein bestea inposatu gabe”, azaldu du oharrean. Hasieran, patio greban salatu nahi izan zuen egoera, baina konponbide arrastorik ez dela ikusita, gose greba hasi du.
“Espetxea sumitze eta zigortze eremu denez, bikoiztera sumitu nahi izan ninduten eta intsumitu nintzelako zigortu naute”, adierazi du.
2007an atxilotu zuten Azkainen Garikoitz Etxeberria. Auzitegi Nazionalak 29 urteko espetxealdia agindu zion 2009an. Ordutik, Soto del Real (Madril), A Lama (Galizia), Dueñas eta Sevillako kartzeletan izan dute preso. Azken horretan 11 urte egin zituen isolamenduan.
2022ko apirilean utzi zuen EPPK, ez zuelako bat egiten kolektiboak azken urteetan egindako “aldaketa politiko eta organizatiboekin”, ez eta kolektiboaren, kartzelaren, Euskal Herriko opresio egoeraren edota askapen mugimenduaren ulerkerarekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!