Garaion Sorgingunea prest, lehen Harrikada festibala ospatzeko
Eraikitze lanetan Alemaniako Kaffe Güzel eta Austriako Tiefdruck kolektiboak dihardute. Ardatz nagusia musika elektronikoa bada ere, tailerrek, instalazioek eta antzerkiek beteko dute aurtengo programa.
Harrikada festibala 2017.urtean sortutako kultur elkartea da, musika elektronikoarekin eta artearekin lotura duten ekitaldiak sustatu nahi dituena. Hasiera batean Berlinen dagoen azpikultura elektronikoak liluratuta, Euskal Herrian horrelako giroak sortu eta herrialdeen arteko zubi lana bultzatu nahi izan dute, hemengo DJ zein sortzaile gazteak hara ezagutzera eramanez eta hangoak hona ekarri, alegia.
Horrela azaldu du Galder Ruiz Alvarado jaialdiko bozeramaileak: “Berlingo zein Gasteizko kideok osatzen dugun elkarte gaztea gara eta aurten gure proiekturik handiena jarri dugu martxan”. Irailaren 7tik 9ra autokudeaketan oinarritutako festibal txiki bat antolatuko dute eta bertan, “alde batetik Berlinen zein Euskal Herrian burubelarri ari diren Djak elkartuko ditugu”.
Baina musika elektronikoarekin nahikoa ez, eta harago doan programa eskainiko dute. Horretarako, egunean zehar tailer, kontzertu akustiko, hitzaldi eta formakuntza ikastaroekin beteko dute egitaraua.
Jakintzak elkarren artean partekatzeko parada
Aurtengo ediziorako gonbidatu bereziak egongo dira. Berlingo zein Euskal Herriko hainbat artistek baietza eman dute, eta Alemaniako hiriburutik Arabara etorriko diren gazteak espero dira Ozaetan. Bestalde, mundu mailako beste festibal batzuetan aritu ostean, Koloniako Cafe Güzel kolektiboa bertan izango da, eta haiei esker, atseden hartu eta erlaxatzeko gune bat egongo da. Bi herrialdeen arteko topaketa interesgarria izango dela uste dute antolatzaileek: “Jakintzak elkarren artean partekatzeko, formatzeko eta dantzatzeko parada izango dugu“.
Askoren artean eraikitako festibala da Harrikada. Eraikitzen dauden lagunena, teknikariena, antzerkilariena… “Oso pozik gaude jaso dugun elkartasun eta babesarekin. Azken momentuan Pelax eta Bidelapurrak gehitu zaizkigu programa musikalera. Hori bakarrik ez eta Parasite kolektiboaren Hot Water antzezlana izango dugu ere, eta Marina Suarez Ortiz de Zarateren Hamakan edo Eguzki Donellanen aurpegiak instalazioak. Tailerretan ere denetarik izango dugu, esate baterako, euskara eta euskal dantzen ikastaroak, edota swing doinuena edo ekofeminismo tailerra.
Azken orduan artista gehiago batu dira: Pelax, Bidelapurrak, Marina Suarez Ortiz de Zarateren Hamakan, Eguzki Donellanen aurpegiak instalazioak
Ostiralean ere Ai Laket! kolektiboaren bisita izango dute eta haiei esker substantzia ezberdinen inguruko informazioa eta testing gunea izango dira. Eta festibala ixteko igandean artisauen arte merkatua egongo da.
“Esan beharrik ez dago festibal honen atzean zenbat jende, zenbat maitasun eta zenbat lan dagoen. Ezin da hitzekin azaldu jaialdi honen atzean dagoen guztia. Eskertuta gaude eta horrek gogoak ematen dizkigu aurrera egiteko”
Txartelei dagokienez, hiru eguneko txartelaz gain eguneko txartelak erosteko aukera egongo da 25 euroren truke egunean bertan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!