“Funts putre” batek egindako 500 etxebizitzen erosketan Eusko Jaurlaritzak izan duen papera salatu dute
Suediako Castella inbertsio funtsak Vitalquilerren 500 etxebizitza erosi zituen apirila hasieran. Gasteizko Etxebizitzaren Aldeko eta Bazterketa Sozialaren Kontrako ekimenak salerosketa prozesuan Eusko Jaurlaritzak izandakao jarduna gogor kritikatu du.
Apirilaren 7an egin zen publiko funts putre batek Salburua eta Zabalgana auzoan Vitalquilerrek dituen 500 etxebizitza erosi zituela. Suediako Castella inbertsio funtsak erosi zituen etxebizitza horiek Castella ERF Vitoria sozietate instrumentala baliatuz. Horren ondorioz etxebizitza publiko horiek “betetzen duten funtzio soziala betetzeari utziko diote hitzarmena bukatzerakoan”.
Gasteizko Etxebizitzaren Aldeko eta Bazterketa Sozialaren Kontrako ekimena osatzen duten sindikatu eta eragileek Eusko Jaurlaritzaren papera salatu dute, “honen jarduna erabakigarria izan baita”. Aditzera eman dutenez salmenta baimentzeaz gain uko egin dio Euskadiko Etxebizitza Legearen 65. artikuluan jasotzen diren “atzera eskuartzeko eta eroslehentasun eskubideei”. Salerosketa baimentzeagatik “Jaurlaritzak jabetzan izango lukeen etxebizitza-parke publikoa handitzeko aukera galdu du”.
“Derecho a Techo” plataformak Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE alderdiak ere seinalatu ditu erantzule bezala. Vital Kutxak, egun Kutxabank, sortu zuen Vitalquiler 2001 urtean Gasteizen alokairuko etxebizitza babestuen parke bat sustatzeko helburuarekin. Bai EAJ eta bai PSE Kutxabankeko administrazio kontseiluko kide dira, “salemnta honen arduradunetako bat hain zuzen ere” plataformako kideen hitzetan.
Gasteizko Etxebizitzaren Aldeko eta Bazterketa Sozialaren Kontrako ekimenak onartezina deritzo etxebizitza bezalako oinarrizko eskubide bat “espekulatzaileen negozio-irrikaren mende egotea”. Salerosketa honekin Eusko Jaurlaritzak etxebizitza eskubidea urratu duela salatu dute “biztanleria babesgabeena abandonatuz”. EAJ eta PSEk duten erantzukizuna ere azpimarratu dute: “Beste behin ere kapitala biztanleriaren eta bizitzaren aurretik jartzen duen sistema agerian utziz”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!