Frantziako tourra gelditzeko mehatxua egin du “Ertzainak Indarbidez” plataformak, beren eskakizunak bete ezean
Ehundaka ertzainek tranbia moztu zuten ia ordubetez ostegunean, lanean zeuden ertzainen txalo artean. Eusko Legebiltzarraren aurrean bildu ziren hitzarmen berria, baliabideak eta formakuntza gehiago eskatzeko.
Ertzainak Indarbidez (Ertzainas en lucha) plataforma “asindikalak” mobilizazioa egin zuen ostegunean Eusko Legebiltzarraren aurrean, “akordiorik gabe ez dago tourrik” lelopean. Kontzentrazio hori “zaintzen” ari ziren ertzainek oso jarrera atsegina izan zuten manifestariekin. Legebiltzarraren parean tranbiaren ibilbidea moztu zuten ia ordubetez, eta ertzainek ez zieten eragotzi, kontrara, txalo egin zieten protestan zeuden “kideei”.
Eusko Jaurlaritzari presio egiteko Frantziako Tourra geldituko dutela ohartarazi zuten. Euskal Herritik igaroko da Tourra aurten, eta bertan segurtasuna bermatzeko nahikoa baliabiderik ez dutela argudiatuta, Tourra arriskuan dagoela esan zuten.
Tranbia moztea, bestelako zerbitzuak moztea bezala, zigorra dakarren ekintza bat da legearen arabera. Bestelako kolektibo eta mugimenduen protestetan halakorik gertatu denean ertzaintzaren oldarraldia jasan behar izan dute manifestariek. Atzokoan baina, ez zen hala gertatu. Goizeko 10:00etan hasita ia ordubetez izan zuten tranbiaren bidea oztopatuta, eta zerbitzua geldirik egon zen, lanean zeuden ertzainek esku hartu gabe.
Ertzainak Indarbidez plataformatik eskerrak eman dizkiete Gasteizko komisaldegiko ertzainei haien jardunagatik. Izandako “profesionaltasuna” goraipatu dute, eta erakutsi dutela “burutik oinetarainoko kideak direla”. Plataformak “babes osoa” adierazi die lanean zeuden zipaioei, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak haien kontrako neurririk hartu nahi izanez gero.
Hamar urte daramatzate ertzainek hitzarmen berdinarekin, eta hobekuntzak eskatu dituzte soldatetan, baliabide eta formakuntza gehiago eskatzearekin batera. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren dimisioa eskatu zuten protestan. 1.100 euroko soldata igoera eskatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoan soldata altuena jasotzen duten udaltzainen parekoa izan dadin haiena.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!