“Formazio teoriko zein praktikoan” sakonduko dute Jardunaldi Antikapitalistetan
Laudioko Gaztetxean egingo dira jarduera guztiak eta bi asteburu iraungo dute.
Aiaraldea.eus bidez
Jardunaldi Antikapitalisten edizio berria antolatuko dute Laudion. Gaztetxean egingo dira, bi asteburutan: Apirilaren 13-14an eta 27-28an. Antolatzaileek azaldu dute aurtengo jardunaldiak ezberdinak izango direla aurreko urteetan antolatu direnekin alderatuta. “Hitzaldi kopurua txikiagoa izango da, aurtengo helburua gai jakinetan sakontzea delako”, aurreratu dute.
Ostiral honetan -apirilak 13- izango da lehen hitzaldia. “Komunismoaren eraikuntza landuko dugu, krisi kapitalistak sortzen dituen aukerak aztertuz”. Gaubela egingo dute gero, “borroka komunitatea indartzeko”. Apirilaren 14an, aldiz, okupazio tailerra eskainiko dute. “Saio praktikoei garrantzia eman nahi diegu, iaz ez bezala”.
Apirilaren 27an “nazio-auzia” izango dute hizpide. “Hainbat dira nazioaren inguruan dauden teoria eta ulerkerak, kasu honetan guk marxismoarena landuko dugu”, aurreratu dute.
28an emango diete amaiera jardunaldiei, egun osoko egitarauarekin. “Goizean goizetik klase feminismoaren oinarriak landuko ditugu. Horren ostean bazkaria egongo da, arratsaldeko saiori gogoz ekiteko”. Langile klasea izango dute hizpide arratsaldean, “bere determinazioak ezagutzeko eta klase konposizioa hobeto ulertzeko”.
“Langile klasearen boterea”
Antolatzaileek nabarmendu dute jardunaldiak “erreferente” bilakatu direla herriko gazte mugimenduan. “Aukera bikaina formakuntza teorikoan eta praktikoan gure jakintza handitzeko eta ondoren proiektuak abian jartzeko”. Zentzu horretan, langile klaseak “bere botere propioa” izan behar duela aldarrikatu dute, “inori itxaron barik”. “Espero dugu jardunaldiek herrian horretan laguntzea”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!