Ezkutuko desjabetze baten beldur dira Santo Domingo kaleko bizilagunak
Udalarekin oso kritiko agertzeaz gain, Caixabanken jarrera ere salatu dute. Ez da kale horretan azken urteetan ematen den desjabetze bakarra.
Kezkatuta agertu dira Gasteizko Santo Domingo kaletik kanporatu dituzten bizilagunak: alde batetik, oso arduratuta daudelako kaleko egoerarekin; bestalde, beldur dira, izan ere, ez dakite euren etxeetara itzaliko ahalko diren: “Ez dakigu eskatzen diguten obra ordaintzeko gai izango garen”, adierazi dute.
Udalarekin oso kritiko agertzeaz gain, Caixabanken jarrera ere salatu nahi izan dute. Apirilean, Caixabanken esku dagoen etxebizitza batean hasi ziren arazoak. Pisua guztiz zigilatu zuten eta bertako bizilaguna beste etxe batera mugitu zuen Caixabankek. Bankuak, orain, ezjakinarena egiten duela salatu dute.
Arazoa, orain, 40 eta 42 bloketara hedatu da. Blokeetako arazoa noraino irits daitekeen zehaztu behar dute, baina obraren aurrekontuak, gutxienez, 10.000€-ko gastua izango du.
Baina bi bloke hauek desalojatzea ez da kale horretako lehenengo adibidea izan. Santo Domingo kalean, guztira, bost bloke hustu dituzte dagoeneko. “Udaletik ez dago hau konpontzeko borondaterik. Familiek bertatik alde egin behar izatearekin konformatzen dira, besterik ez”, salatu dute.
18. blokeak, adibidez, bost urte daramatza hutsik. Baina blokeko bizilagunetako batek Alokabideren hileroko kuota ordaintzen jarraitzen du. Ezkutuko desjabetze baten beldur dira bizilagunak eta hala erakusten dute datuek.
Santa Maria Fundazioa eta Gasteizko Udala aurrera eramaten ari diren turismo plana ere izan dute hizpide: “Diru asko dute kontu hauetarako, baina bizilagunek, bitartean, euren etxebizitzak atzean utzi behar dituzte”. Ensanche XXI ere tartean dago: laguntza eskatu zioten elkarteari baina ukatu egin zioten.
Urriaren 25a egun garrantzitsua izan zen Santo Domingo kalean. Arkitekto batek larrialdi dei bat jaso zuen eta eraikinera hubildu zen, erreformaren nondik norakoak baloratzeko. “Egituran arazo bat dugu, ados; baina kose ekonomikoa oso altua da eta ezin diogu aurre egin honi, are gutxiago dirulaguntzak ukatzen badizkigute”.
“Udalak egin zuen informeak ez du indarrik”, salatu dute. Arrazoia: mugikor baten argiarekin egin zuten informea. Gainera, ez zuten eskailerarik erabili -habeen egoera zein den jakiteko beharrezkoa da-: “Gure etxeetatik kanporatzeko erabakia ez da neurrikoa”.
Bizilagunak Landatxora joan ziren euren egoeraren berri emateko, bertan ematen baitute horrelako egoeretan laguntza: “Bertako langileak ez zeuden sikiera abisatuta. Udaletik laguntza eta konponbide bat emango zigutela agindu zuten. Momentuz, ez dugu jaso”.
Asteazkenean, azaroaren 8an, hotela utziko dute bizilagunek. Trukean, hilean, 250€-ko laguntza ekonomikoa jasoko dute, “alokairua ordaintzeko”. Modu berean, bankuekin negoziatzeko asmoa dute, hipoteka urtebetez ez ordaintzeko.
Hori gutxi balitz, bizilagunek Udaltzaingoaren jarrera ere salatu dute. Norbaitek blokea okupatuko zuelako beldur ziren Santo Domingo; hori dela eta, giltzarrapo batzuk jarri zituzten ateetan. Giltzarrapo horiek poliziei eman behar izan zizkieten euren etxeak uzterakoan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!