Irailaren 8an bildu zen patronalarekin ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGTk osatutako plataforma. Patronalak aurrerapen garrantzitsurik proposatu ez duenez, mantendu egingo dituzte sindikatuek irailaren 21, 22 eta 23an aurreikusitako grebak.
Eusko Jaurlaritzaren aurrean egindako protesta. ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta UGT-k osatutako plataformak deitutako elkarretaratzea.
Arabako metaleko langileek greba egingo dute irailaren 21, 22 eta 23an, ez baita aurrerapausorik eman itun berria sinatzeko patronalarekin egindako azken bileran. Gaur, irailak 13, ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGTk osatutako plataformak deitutako elkarretaratzean izan dira dozenaka lagun Eusko Jaurlaritzari eta administrazio publiko guztiei eskatzeko “inplikatu daitezela gatazkan”.
Langile guztien subrogazio eskubidea bermatzeko eskatzen diete erakunde publikoei, administrazioek azpikontratatzen dutenean, eta hilean 1.400 euroko gutxieneko soldatak eta erosteko ahalmena bermatzea. Izan ere, gogorarazi dute Administrazioak kontratatzen edo azpikontratatzen dituzten lan asko Arabako metalaren hitzarmen sektorialaren baldintzen menpe daudela: “Horrek esan nahi du Administrazioak berak, enpresaburu eta ugazaba den aldetik, baldintza prekarioak baliatzen dituela”.
25.000 pertsonari eragiten die Arabako metalgintza sektoreko hitzarmenak. “Prekarietatea jasanezina da, eta inflazio handiaren ondorioz egoera okertzen ari da metaleko langileentzat”, deitoratu dute sindikatuek. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dute hitzarmenak honako hobekuntza hauek jasotzea: KPIaren araberako igoerak, bai tauletan, bai soldata errealetan; lanaldia nabarmen jaistea; baja medikoen osagarriak hobetzea; subrogazioa jasotzea; malgutasuna mugatzea; bizitza erdigunean jarriko duten neurriak; eta hobekuntzak Lan Osasunean eta Berdintasunean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!