Eusko Jaurlaritzako 1.200 langile baino gehiago itzuli dira gaur Lakuako lanpostuetara
Sindikatuek gogor salatu dute Eusko Jaurlaritzak, tele-lana lehenetsi ordez, agindutako lanpostuetara itzultzea. Elkarretaratzea egin dute Lakuan erabakia salatzeko, presaz hartutako neurria dela iritzita.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bat egin dute Eusko Jaurlaritzako langileek Lakuako lanpostuetara itzultzearen kontra egiterako orduan. 1.200 langile baino gehiago bueltatu dira Gasteizko bulegoetara lanera, naiz eta azken asteak tele-lanean aritu diren.
Laneratzea “behartuta, presaka eta inongo planifikaziorik gabe” egin dela salatu dute sindikatuek eta “Jaurlaritza honek hitz egiteko eta adosteko duen ezintasunaren aurrean” kezka adierazi dute. Izan ere, langile publikoek zerbitzu publikoarekiko jarrera eta konpromisoa “erabatekoa izan dela” azpimarratu dute.
Sindikatuek lantokiak irekitzerako orduan Jaurlaritzak hartutako neurriak nahikoak ez direla eta “arrapaladan hartuak” direla azaldu dute. Langileen ordezkariek arreta berezia jarriko dute lan-bldintzetan eta iragarritako prebentzio neurrietan, gabezia ugari atzeman dituztelako hain zuzen, garraio-baldintzetan eta garbitasunean esaterako.
Egoera honen aurrean elkarretaratzea egin dute gaur Lakuako bulegoen aurrean. Azken galdera bat ere luzatu diote Jaurlaritzari, sindikatuek ez baitute ulertzen zergatik egin dion Eusko Jaurlaritzak uko langileei koronabirusaren testa egiteari.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!