Eusko Jaurlaritzak ez du Azazetako parke eolikoaren proiektua bertan behera utziko, Aldundiaren txostenak “inpaktu larria” aurreikusi arren
Azazetan zentral eolikoa ezartzeak "ondorio negatibo oso kaltegarriak" izango lituzke inguruko biodibertsitatean eta paisaian, Aixeindarrek aurretiaz egindako azterketak jasotzen ez zituenak, Arabako Foru Aldundiko teknikariek egindako txostenaren arabera.
Arantxa Tapiak zuzentzen duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko bozeramaileek esan dutenez, “beste txosten tekniko batzuetan neurri zuzentzaileak jasotzen dira” eta horiei helduko diete, zentral eolikoak inguru naturalean izango duen eragina murrizteko.
Beraz, Eusko Jaurlaritzak ez du Azazetan egin nahi duten zentral eolikoaren proiektua bertan behera utziko, Arabako Foru Aldundiak argitaratutako txostenaren arabera proiektuak ingurumen “inpaktu larria” izango duen arren.
Arabako Mendiak Askek sare sozialetan salatu du “ez dagoela balio duen neurri zuzentzailerik”, “mendian zentral eolikoak jartzen badira, horien ekosistema eta idisinkrasia galtzen delako, ezinbestean”.
Arkamu eta Iturrieta
Duela hilabete eskas jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak ez zuela baimenik emango Arkamu eta Iturrietako parke eolikoekin aurrera egiteko, ingurumen-baldintzak betetzen ez zituztela eta. Aurreikusitakoen artean handienak ziren bi proiektu horiek. Kasu horretan, Arabako Foru Aldundiak alegazioak aurkeztu zituen bi parkeen kontra, animaliei eta paisaiari eragin ziezaieketen kalteengatik. Foru Aldundiko teknikarien txostenak erabakigarriak izan ziren Eusko Jaurlaritzak atzera egiteko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!