“Euskal Y”-a eta Nafarroako bidea Gasteizen lotu nahi dituzte
Informazio publikoko eta zuzenketetarako epea zabalduko da orain. Ez da mehatxu bakarra: Miranda de Ebro eta Logroño lotuko dituen bideak Arabar Errioxako mahastiak zeharkatu nahi ditu.
Gasteiz lehenetsi dute ‘Euskal Y’-a eta Nafarroako bidea lotzeko. Bost proposamen jarri zituen mahai gainean Eusko Jaurlaritzak, baina Gasteizko bidea lehenetsi dutela esan du Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak hitzetan: “Ezkio eta Gasteizko alternatibak dira onartu ditugu baina Ezkioko alternatibak zalantza ugari pizten ditu kostuaren inguruan, azpiegitura itzela eskatzen baitu”.
Hemendik aurrera, informazio publikoko epea zabalduko dela esan du de la Sernak, zuzenketak egiteko aukera eskainiz. “Hortaz, behin betiko erabakia ez dago hartua”, zehaztu du.
Uztailean bilera zuten Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eta orduan adostu zuten Iruñea-Gasteiz edo Iruñea-Ezkio bideak ikertzea.
De la Sernak gaineratu duenez, Gasteiz-Burgos ibilbideak soilik bidaiarik garraiatuko ditu, merkantziarik ez.
Ez da Arabako mehatxu bakarra
Gasteiz ez da gune protagonista bakarra izan AHT-ren aferan. Izan ere, Miranda de Ebro eta Logroño lotuko ditu Abiadura Handiko Trenak. Hau, printzipioz, ez litzateke albiste izan beharko. Baina ibilbide horrek Arabar Errioxako lurrak zeharkatuko ditu, eta bide batez, ardogintza mehatxatuz. Espainiako Gobernuak lau ibilbide ezberdin aurkeztu ditu, eta horietako bik Arabako eskualdea zeharkatzen dute.
Herritarrak haserretu ditu albisteak, baina ardogintzaren sektorea haserre egoteaz gain, oso arduratuta daude langileak. Are gehiago, Arabar Errioxako herri esanguratsuena mehatxupean dago: Bastida.
Upategi eta mahastizain txikien elkarteak salatu zuenez, “eskualdeko ardogintza bizirik dagoen kultur ondare historikoa da, babestu beharrekoa. Ingurumenarentzat, gizartearentzat, ekonomiarentzat eta kulturarentzat ekarriko lituzkeen galerak hain handiak lirateke, ezen eskualdea eta sektorea desagertu egingo bailirateke orain ezagutzen ditugun moduan”. Zentzu honetan, erakunde ezberdinei batera erantzuteko deia egin diete.
Mehatxupean dauden beste bi herri Zanbrana eta Buradon Gatzaga izango lirateke: lau proposamenetako batek Mañueta, Villabuena, Eltziego eta Lapuebla de Labarcaren lurrak igaroko lituzke, Logroñora heldu aurretik. Samaniego, Leza, Navaridas, Paganos eta Guardia, adliz, ibilbidetik apur bat aldenduta geratuko liratezke, baina AHTren eragina pairatuz.
Orain, lau proiektuetatik zein aukeratzen duten ikusteke dago, ibilbide merkeena eta laburrena delako eskualdeari gehien eragiten diona: 57 kilometro izango lituzke, 4,8km lur azpian, eta beste 7,2km zubibideetan; eta 710 milioi euroko aurrekontua luke. Lau proiektuetatik, bik Arabar Errioxa mehatxatzen dute. beste biek, ordez, ez. Hori bai, mehatxua ez diren beste bi horiek ibilbide luzeagoa beharko lukete Logroño eta Miranda de Ebro lotzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!