Euskal ‘Siri’ baten faltan, baina gogotsu
#GasteizenBaiEuskarari lelopeko Mintzodromoa egin dute, hizkuntza ohiturei erreparatzeko.
11 ber bi festibalaren barruan ospatu dute asteazkenean gazte mintzodromoa Oihaneder Euskararen Etxean. Ikasleek izan dute ekimenaren erabateko protagonismoa, eta hizkuntzaren egoera izan dute hizpide. Besteak beste, Lanbide Heziketako, Batxilergoko eta IKAko ikasleek parte hartu dute ekimenean. Ez da kasualitatea: izan ere, ikasleen arteko harremanak euskaraz sustatzea eta bizitzako arlo ezberdinetan hizkuntzaren egoeraz eztabaidatzea izan dira mintzodromoaren abiapuntuak.
Gonbidatu berezia izan du saioak: Aiora Mujika gaztea. Sare sozialetan @probatxoa ezizenarekin ezaguna da Mujika, eta bertaratu diren gazteei erakutsi die euskara erabiltzeak “bere fruituak” ematen dituela, Bai Euskarari Elkarteak zabaldutako ohar baten arabera.
Hasi baino lehen, launakako taldeak osatu dituzte, patxada handiagoaz hitz egin ahal izateko.
Jorratu dituzten gaien artean, honakoa izan da lehena:”Minutu bat Interneten, zenbat euskaraz?”. Izenburutik bertatik aise ondorioztatzen da non jarri duten puntua: gero eta digitalagoa den aisialdian, hizkuntzak duen tokiaren inguruan hausnartu dute parte-hartzaileek.
Gaiari heldu baino lehen, Aiora Mujikak bere burua aurkeztu du, eta Youtube plataformaren bitartez euskarazko bideoak zabaltzera animatu ditu gazteak. Mujikaren lehenengo bideoak 85.500 bisita baino gehiago jaso zituela kontatu die.
Arlo digitala ez ezik, arlo laborala ere landu dute, “Etorkizunerako lanbidea hautatu, lanerako hizkuntza aukeratu” gaiari helduta. Ikasleak maila profesionalerako urratsa euskaraz egitearen alde “gogotsu” agertu dira.
Kontsumo ohitura digitalak ere aztertu dituzte, eta laguntzaile birtualen gaiari ekin diote, “Sarean euskal Siri izango bagenu…” eztabaidagai gisa hartuta. Google Assistant, Siri, Cortana, Alexa eta bidean dauden bestelako laguntzaile digitalen rolari buruz berba egin dute gazteek, horien zabalpenak hizkuntza ohituretan izan dezakeen eragina neurtzeko. Hizkuntza eta kontsumoa jorratu dute amaieran, “Hala erosi, zera irabazi: #LehenHitzaEUS” gaiari helduta.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!