Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua: bost urte borrokan
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bost urte bete dituela eta, Pentsionistak aurrera abestia kaleratu dute. Xabier Amurizak idatzi du letra eta Iñaki Ortiz de Villalbak eta Modus Operandi taldeak jarri dizkiete ahotsa eta musika.
Urtarrilaren 16an elkarretaratzeak egingo dituzte, eguerdiko 12:00etan, Euskal Herriko plazetan, Pentsiodunen Mugimenduaren 5. urtemuga ospatzeko.
Batetik, egindako ibilbidea eta lortutakoa ospatu nahi du pentsiodunen mugimenduak: 2013ko PPren erreformaren indargabetzea, Pentsio Sistema Publikoa guztiz bideragarria dela erakustea, Iraunkortasun Faktorea indargabetzea eta borrokan jarraitzeko erakutsitako borondatea.
“Euria ari zein eguzkia izan, 230 astelehen geroago ere kalean jarraitzen dugula ospatzen dugu, pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta guretzako eta hurrengo belaunaldientzako nahikoak izan daitezen eskubidearen alde borrokan”.
Bestetik, aldarrikapenei eutsiko dietela berretsi nahi dute eta gainerako langile sektoreekin batera borrokatzeko beharra: “aldarrikapenak eskatzen jarraituko dugu banatu nahi gaituenaren aurka: gazteak eta adinekoak, jarduneko langileak, pentsiodunak, gizonak eta emakumeak, eskakizun bera dugu, aberastasunaren bidezko banaketa, soldaten eta pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea eta zerbitzu publikoak hobetzea”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!