Euskal Herriko Pentsiodunek manifestazioak egingo dituzte uztailean hauteskunde orokorren atarian
Pentsio publiko duinak defendatzeko konpromiso argia eta publikoa eskatuko diete alderdi politikoei. Uztailaren 15ean mobilizatuko dira Gasteizen.
Uztailaren 23an hauteskunde orokorrak izango dira espainiar Estatuan. Data horri begira jarri dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideak, eta manifestazio ezberdinak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan uztailean zehar, hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdiei eskatzeko bere egin ditzatela pentsiodunen aldarrikapenak, eta “konpromiso argia eta publikoa” erakutsi dezaten pentsio publikoak defendatzeko.
Manifestazioen berri emateko oharrean pentsiodunek aldarrikatu egin dute azken urte hauetan erakutsi duten mobilizazio gaitasuna, eta azpimarratu horri esker lortu dutela 2013an Alderdi Popularrak ezarritako pentsioen erreforma indargabetzea. Erreforma hark “pentsioen % 0,25eko igoera miserablea” jasotzen zuen eta pentsionistek salatu dute aldaketa hori ezarri izan balitz % 20 baino gehiago murriztuko lukeela haien eros ahalmena. Alderdi Popularraren erreforma bertan behera gelditu bada ere, kritikatu dute oraindik indarrean dela 2011an Alderdi Sozialistak egindako erreforma, erretiro adina atzeratu zuena eta pentsioak kalkulatzeko denboraldia luzatzea ekarri zuena.
Salatu dute legegintzaldi honetan, alderdi batzuek haien aldarrikapenak babestu dituzten arren, ez direla “behar bezala islatu” onartutako erreformetan. Ohartarazi dute azken lau urteetan erosteko ahalmena galdu dutela eta euren bizi baldintzek okerrera egin dutela. Kritikatu dute desagertu egin dela pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzeko konpentsazio ordainsaria, gutxieneko pentsioak “miserableak” direla eta ez direla 1080 eurora ere iristen, genero arrakala betikotu egiten dela eta ez dagoela hobekuntza nabarmenik alarguntza pentsioan.
Publikoki exijitu diete hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdi politikoei beren programa politikoetan sartu ditzatela “kalean bost urte baino gehiago daramaten aldarrikapenak”. Pentsiodunen aldarrikapenak kalera eramateko lau hitzordu antolatu dituzte uztailean zehar hego Euskal Herriko hiriburuetan. Gasteizen uztailaren 15ean egingo dute manifestazioa, larunbatez, eguerdiko 12:00etan abiatuta Artiumetik. Iruñean, Donostian eta Bilbon ere egingo dituzte mobilizazioak, uztailaren 3an, 15ean eta 17an, hurrenez hurren.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!